KRITIKA. Artea

Euskarriak

Marta Zelaiaren lanetako bat, Bilboko Rekalde aretoan ikusgai jarri duen erakusketan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2018ko otsailaren 13a
00:00
Entzun

'Sokatira 2014-2017'

Sortzailea: Marta Zelaia.Non: Rekalde aretoan, Bilbon.Noiz arte: Martxoaren 18ra arte.

Rekalde aretoko Kabinete Abstraktuko erakusleihoak ireki ditu Barriek programarako pertsianak beste behin ere. Urte berriarekin batera, Bizkaiko lurraldean ontzen ari diren proiektu freskoenen eta gazteenen lagintxo bat ikusteko aukera eskaintzen du proposamenak. Aurtengoan, ordea, berritasun batekin dator besapean —nahiz eta dosi txikian izan den—; eskertzen den berritasuna da, eta are gehiago, beharrezkoa da. Gazteentzat artearen eremuan bizitza eraikitzea eta proiektuak aurrera ateratzea zaila bada ere, txar-txarrenean zenbait beka eskuratzeko aukera dute, eta, horiei esker, urte batzuetan aurrera jarraitzekoa, besteak beste. Baina beka horiek eskatzeko adina pasatzen zaienean, zer? Zer gertatzen da orduan? Zenbat artista ezagutzen ditugu Euskal Herrian 40-50-60 urteen bueltan dabiltzanak? Eta horietatik emakumeak zenbatzen hasten bagara... esku bateko behatzik gehienak ere sobran izango genituzke tamalez... Hain zuzen ere, aurtengo berritasun hori gabezia honen haritik dator, eta nahiz eta produkziorako laguntza ekonomikorik eman ez delakoan egon, behintzat, orain arte ahanzturan egondako garai bateko artista gazte haien egungo lana berreskuratzeko eta birbaloratzeko nahia azaldu da. Aurtengoan, Marta Zelaiak izan du hautatua izateko zortea, Sokatira 2014-2017 proiektuarekin.

Hiru urte luzetan garaturiko lana izan da aretoan Zelaiak aurkezten duena. Erakusketara sartu ostean, agian, baten bat ulergaitz gera liteke: bertan bi lan soilik daude ikusgai. Eta txarteltxoetan arreta jarriz gero, Zelaiarena bietako bat besterik ez dela segituan ohartzen da bisitaria. Nola liteke, bada, hiru urte horietan pieza bat soilik egin izana? Egungo kapitalismo aztoragarriaren eta etengabeko produkzioa bultzatzen duen gizarte honentzat ulertezina den egoera izan daiteke, baina, hain zuzen ere, Zelaiak ez du produkzioa edo ekoizpena helburu izan lan honen bidez.

Bilboko kaleetatik pasieran, erakusleihora begiratu, eta badirudi bertako sabaitik esekitakoa, pieza osatzen duten zatietako bakoitza, pintura lana dela. Argi eta garbi ikus daiteke sokatira eszena bat dela bertakoa; sokari tiraka bi lagun multzo, bakoitza ahal bezala, zuhaitz eder eta berdezko paisaia baten aurrean dagoela. Taldeek ez dute, ordea, batak bestea gailentzeko asmorik; bere horretan daude, oreka mantenduz, bata bestearekiko euskarri izanaz, eta euskarri izate horretan tinko. Besteen euskarririk gabe, lurrera eroriko baikinateke. Ez behin, behin eta berriz baizik, eta handik altxatzea ere, helduleku gisa beste eskurik izan gabe, zaila izaten da. Dena ez da produkzioa, eta are gutxiago etengabekoa.

Bi ideia horiek dira proiektuan uztarturik agertzen direnak, islaturik. Aretora sartu, eta lana gertutik ikustean, bertako irudia erabat deuseztatzen da, gehiegizko pixelazioa duen irudia bezala; formak koloreetan galtzen dira, eta irudiaren lehen mezua hutsaldu egiten da, gehiegi hurbiltzean Seuraten edo Signacken koadroekin gertatzen den modu berean. Hala ere, honek lanaren objektu izaeran sakontzeko aukera ematen du, eta ikustekoa, ez dela pinturaz egina, puntadaz baizik.

Ehun bat da, tapiz bat, hariz, sokaz eta orratzaren sartu-irtenez egina, bata bestearen atzetik, eserita ziurrenik, leihoren baten argipean, oihala magalean hartuta, etxeko goxotasunean. Lanak prozesu oso bat darama josirik bere azalean; une ezberdinak ditu atxikirik, txertaturik, une jakinak, orduak, eta egunak, artistak bere gurasoen laguntzaz eta haien sostenguan egindakoa baita. Partekatze ekintza baten emaitza da azken finean, gure euskarri eta helduleku gisara erabili izan ditugun horiena, eta horren erakusgarri. Tapizaren alboan agertzen den pinturan daude irudikaturik: ama, aita eta bikotekidea.

Hain zuzen ere, azken finean Marta Zelaiak Sokatira 2014-2017 proiektuan planteatzen duena, arte lanaz harago, ezagutza, eta bizitza planteamendu berri bat baita, euskarrietan, sostengatze eta heldulekuetan oinarritua, eta ez norbanakoan; momentuetan oinarritua, partekatzean oinarritua, eta ez produkzioan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.