KRITIKA. Artea

Eztabaida agerira

Bilboko La Taller aretoko piezetariko bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2018ko martxoaren 27a
00:00
Entzun

'Nire ama Roman hil da'



Non: Bilboko La Taller aretoan. Noiz arte: Maiatzaren 5era arte.

Badira zenbait berri komunikabideen bidez ikaragarrizko zarata eginez sartzen direnak gure egunerokotasunera, bat-batean. Badirudi berri horiek gizartean danbateko bat emateko etorri direla; lehen egunetan behintzat ahoz aho komentatzen dira etengabe, hitzak ia gastatu eta mihiak lehortzeraino. Eta, sartu bezala, bat-batean, baina ikaragarrizko antitesian, isil-isilik, hanka puntetan, ke ia gardena bailitzan, desagertu egiten dira, gizarteratu zeneko zarata eta danbatekoa gertatu izan ez balitz bezala, atze oihalaren bestaldean ezkutatuta. Eta badirudi denok ahaztu egiten dugula gertatutakoa, gertatu baldin bazen ere. Iratxe Jaio eta Klaas Van Gorkum tandemak berri horietako baten harira burututako proiektu guztiz interesgarria da La Taller espazioak Bilbon aurkezten duena: Nire ama Roman hil da.

Abiapuntura jotzeko urte batzuk egin beharko dugu atzera, eta memoria egin. Albiste bat agertu zen bat-batean gizartean, eta euskal historia eta batez ere euskararena goitik behera aldatzeko itxura emanez egin zuen jauzi. Ikaragarria zirudien. Ia sinesgaitza zen. Gehienek identifikatuko zenuten jada zertaz mintzo naizen, eta zuzen izango zarete: Iruña-Veleiako aurkikuntza arkeologikoez ari naiz.

2006. urtea zen hura, eta aztarnategiko zuzendariak euskaraz idatzitako lehen inskripzioak topatu zituztela aireratu zuen; zer eta erromatar garaikoak! Zeramika zatiak ziren, itxuraz, estetikaz, lehen begiradan, garai hartako ostrakak ziruditen. Idazkera saiakerak izan zitezkeen, eta bestelako eszenak irudikaturik zituzten hainbat zeramikarekin batera agertu ziren, gainera. Sinesgaitza zirudien, baina, hala ere, zientzia arkeologikoaren gerizpean gizarteraturik, gizarteak ez zuen egiatzat hartu beste aukerarik. Baina ametsak egun gutxi iraun zuen; zientzialari batzorde batek faltsutzat jo zituen berehala, eta guztia hor amaitu zen. Berria irrati, egunkari eta telebistatik desagertu zen, eta mihiek dantza egiteari utzi zioten.

Baina hau goiko geruza besterik ez zen, gizarteak ikusteko aukera soilik duen hori, gauzak zuri edo beltz direla agerrarazten dituztenak. Ez dugu zonalde grisik ikusteko aukerarik, edo ez digute eskaintzen behintzat. Eta ostrakekin ere gauza bera gertatu zen. Faltsuak diren bertsioa zabaldu zen, eta, horrekin batera eztabaida posible guztiak baztertuz, berria desagerrarazi zuten. Baina ez berria bera soilik; aztarna material horiek ere eztabaida objektu ziren. Kaxetan sartu eta biltegi ilun batean utzi zituzten, inoiz argirik ikus ez zezaten, inoiz berriz ere gizartera ez zitezen; nahiz eta piezen faltsutasunak oraindik ere, egun —nahiz eta gizarteak hau ere jakin ez—, auzitan dirauen, beheko geruzan.

Gertakari horrek dakartzan arazo eta zilegitasunen inguruko hausnarketa planteatzen dute Iratxe Jaiok eta Klaas Van Gorkumek proiektuaren bidez, egoera jakin hau plazaratzeko aitzakiarekin. Erakusketa honetarako, hiru lan-multzo hautatu dituzte, espazioaren ezaugarrietara ezin hobeto egokiturik, eta, bata bestearen osagarri izanik, arazoaren problematika azaleratzen dute, gertaera jakin horren inguruko ikuspegi orokorra aitzakiatzat harturik.

Bideoak ematen du sarrera. Ostraken inguruan hainbat adituk dituzten ikuspegiak azaleratzen ditu ikusentzunezkoak: batzuk piezen egiantzekotasuna frogatu nahian, eta besteak, berriz, haien faltsutasuna. Artistak ez dira posizionatzen, eta hor datza proiektuaren interesa. Izan ere, publikoaren begien bistatik ezkutaturik dagoen ostraka bakoitzaren kopia grafiko bana aretoko horman esekiz, gertakizunaren inguruko eztabaida dakarren eremua baita Jaio eta Van Gorkumek proposatzen dutena. Instituzio eta komunikabideek alboratu nahi izan duten hori, hain zuzen ere.

Nork erabakitzen du zein diren historia idazteko baliagarritasuna duten objektu eta aztarna materialak? Oraindik eskubide horiek guztiak instituzioen esku daude. Historiaren eraikuntzaren inguruko eztabaidak gizarteratzeko aukerarik ez da bermatzen, eta, berriz ere, badirudi gaur egun ere historiaren eraikuntza murtxikatu bat besterik ezin dezakegula jaso. Gertaerak beti zuriak ala beltzak izan behar dutela transmititzen dihardute, norabide bakarrekoak; inolako kontraesanik gabekoak behar dutela izan, historiaren zati bilakatzen diren egunerokotasunak kontraesankorrak izango ez balira bezala. Historiaren eraikuntzan zuloak egon daitezke, norabide eta posizionatze ezberdinak, eremu grisak, baina badirudi oraindik ere soilik artetik bidera daitekeela espazio hau .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.