KRITIKA. Artea

Etorkizuneko museoa

Artiumen, <em>ArTres</em> erakusketan, ikusgai dauden lanetako bat.
Artiumen, ArTres erakusketan, ikusgai dauden lanetako bat. JUANAN RUIZ / FOKU

Garazi Ansa -

2018ko apirilak 10

'ArTres. Museoa nolakoa izan behar den'

Noiz arte: Abuztuaren 26ra arte. Non: Artium, Gasteiz.

Trilogiak ez dira soilik pelikuletan edo nobeletan izaten, nahiz eta agian horiek izan ezagunenak edo ospetsuenak. Edukietako elementuren batean ildo komunak oinarri dituzten sorkuntzak izanik, edozein sortze prozesutan eman daitezke, baita artearen esparruan ere, edo, are gehiago, baita erakusketetan ere. Orain aste batzuk trilogia mota honetako proiektu baten azken lana aurkeztu zuten Artiumen.

2017an izan zuen hasiera, eta garatuz joan da pixkanaka. Museoaren bilduma erakustea zen helburua, beste modu batean —Artiumek maiz praktikan jarri duen ariketa denez, bilduma ardatz hartuz, honen gaineko irakurketa berriak proposatzen baititu urtero—; hain zuzen ere, bere bilduma propioaren hausnarketa garatzea zuen helburu. Abiapuntu interesgarria benetan, eta beharrezkoa.

Praktika honen baitan, azken proposamena, esan bezala, hiru erakusketaren bidez aurkeztu dute. Lehen biak Artea eta Artearen Sistema izan ziren. Azken hori amaitu da jada, eta, bertan, Instituzioaren sistemaren funtzionamendua aurkeztu nahi izan zuten, artelanen inguruan sortzen diren burokrazia prozesuen gardentasuna bermatuz. Artea izeneko erakusketa, berriz, oraindik ere martxan dago, eta bisita daiteke. Trilogiaren bigarren zatia. Horren bidez, izenburuak berak azpimarratzen duenez, Arte Instituzioaren baitan Artium bildumako objekturik artistikoenak plazaratu dituzte; alegia, Arte Instituzioaren bildumako piezarik garrantzitsuenak diren horiek, hain zuzen ere, eta horiek definituko lukete egun arte izatearen parametro sistema. Horretarako, hainbat datu objektibo erabili zituzten: erakusgarri gehien ipini diren piezak, maileguan gehien eskaturikoak...

Azkenik, trilogiako azken erakusketara iritsi gara: ArTres. Museo bat nolakoa izan behar den. Eta, oraingo honetan, izenburuak dioen bezala, proiektu futurista batez mintzo da, alegia, museoak nolakoa izan beharko lukeen etorkizunean. Horretarako, Instituzioaren bildumara azken urteetan batutako hainbat lan aitzakiatzat hartu eta erakusgai ipini dituzte, elkarrizketa zuzen bat gauzatuz Artea erakusketarekin; alegia, orainaren eta etorkizun perfektuaren artean.

Ariketak interesgarria dirudien arren, eta txalogarria den arren Instituzio publiko batek modu honetako autokritikak burutzea, zenbait aldetan oraindik ere hankamotz geratzen delakoan nago. Horietako bat, erakusketaren beraren planteamendua izan daiteke; alegia, Artea erakusketarekin elkarrizketa zuzena plazaratu nahian, hura egiteko erabilitako parametro berak jarraitu izana ArTres erakusketako instalazioa burutzeko ere. Alde batetik, artistaren introspekzioa ardatz duten lanak daude ikusgai; beste batetik, ingurunearen ikuskatzea dutenak; eta, azkenik, artea bera oinarri izandakoak sorkuntza prozesuan.

Ulergarria da: erakusketa bakoitza zuzendutako bi garai zehatzen arteko ezberdintasun eta berdintasunak modu zuzen batean plazaratzeko nahiaren baitan bideratu zen hautaketa hau. Baina hor dago gakoa, hain zuzen ere. Zaila da ulertzen, azken erakusketa —alegia, ArTres— aurrekoaren kritika edo kontrajartze moduan egin baldin bada, nolatan jarraitu duten aplikatzen tradizionalki arte garaikideetako erakusketak egiteko erabiltzen diren parametro berak azken horretan, etorkizuneko museo ideala proiektatu nahi baldin bazen. Instalazio proposamenaren aldetik ere aldaketa beharra ere egongo da ba, noski?

Bestetik, azpimarragarria da emakumeei eman nahi izan zaien presentzia. Urte askoren buruan egindako borroken ostean, pixkanaka, emakumeen presentzia Instituzioetan ere gero eta handiagoa da —nahiz eta parekotasun tasetatik oso urrun egon oraindik ere—, eta badirudi erakusketa honen bidez emakumezkoen tokiaren aitortza behintzat egin dutela etorkizuneko Instituzioari begira. Hala eta guztiz ere, bi pentsamendu datozkit berehala honen harira: toki parekideak etorkizunari loturik izan behar al du oraindik ere? Alegia, orainaldiko Instituzio batean ezin daiteke bermatu halakorik? Interesgarria litzateke azken urteetako lanen eskuratzeen inguruko datuak plazaratzea, generoaren auziari erakusketa honen bidez eman dioten garrantzia kontuan harturik, ea beren politiketan benetan norabide horretan aldaketarik agertzen den ikusteko, eta, hala bada, zer proportziotan, eta, beraz, zein abiaduran den, gogoeta egin ahal izateko.

Oro har, erakusketa ariketa interesgarria da, eta txalogarria, Museoaren politiken norabidea aldatzeko asmoen benetako aurkezpena —eta ez erakusketa baterako soilik eraikitako diskurtsoa— baldin bada, behintzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna