KRITIKA. Artea

Errepikatuz eraiki

2018ko apirilaren 17a
00:00
Entzun

'I never said umbrella'

Artista: Itziar Okariz. Non: Donostiako Tabakalera zentroan. Noiz arte: Ekainaren 3ra arte.

Izenburu berezi batekin aurkezten zaigu Tabakalerak, Basileako Kunsthausbaselland-ek eta CA2M arte zentroak elkarrekin ekoitzi duten erakusketa. Basileatik (Suitza) eta Mostolesetik (Espainia) igaro ondoren, otsail erdialdetik Donostian ikusgai dugu Itziar Okariz artistaren (Donostia, 1965) erakusketa. I never said Umbrella izenburua David Bowieren abesti baten itzulpen oker batetik dator, New Killer Star abestitik hain zuzen ere, eta artistak ingelesezko abestia entzun eta ulertzeko orduan izan zuen gaizki ulertu bat da. Hasieran azaleko informazioa dirudien arren, hori bikain elkartzen da erakusketako interes puntuetako batekin: entzumena, ulermena eta informazioaren inguruan eraikitzen diren gaizki ulertuen aukera berriekin.

Beatriz Herraez historialaria izan da komisarioa, eta artistaren hogei urtetik gorako ibilbidearen bilduma bat aurkezten digu, 1990eko hamarkadan Artelekun gauzatutako Red Light lanarekin hasi (1995), eta aurten bertan produzitutako Las estatuas edo Ujjayi lanekin bukatzen dena. Bidean, Okarizen ibilbidean tarte berezi bat duten lanak agertzen dira: Eremu publiko eta pribatuetan pixa egitea (2000-2004), Eraikuntzetan gora (2003), Irrintzi (2007) edo Cápitulo 2, V.W. (2012), besteak beste. Euren arteko desberdintasunekin, guztien artean eraikitzen dute performancea edo ekintzaren eremuan sailkatzen den artista konplexu bezain interesgarri honen diskurtsoa, zeina, irudiaren, testuaren edo ahotsaren bitartez, zuzenean lotzen baita gorputzaren irudikapenaren inguruko politikarekin eta espazioaren eraikuntzarekin, gorputzak eskulturarekin duen harremanetik edo lengoaiaren materialtasunetik abiatuz.

Horrela, gorputzaren eraikuntza eta gorputzak espazio publiko nahiz pribatuarekin duen harremana aztertzen ditu bere lanetan Okarizek, gizarte baten eraikuntzan ezartzen diren legeen erabilera aldatuz nahiz irauliz. Ekintza horiek testuinguru batean gertatzen dira, gorputzaren eta inguruaren arteko hartu-eman batean, eta artista donostiarrak zalantzan jartzen ditu gorputzak testuinguruarekin dituen mugak. Prozesu hauek gauzatzeko orduan, Okarizek hainbat puntutan ezartzen du fokua, gorputzaren bidez. Adibidez, Eremu publiko eta pribatuetan pixa egitea lanean, arkitekturak emakume eta gizonezkoen arteko ezberdintasunak eta inposizioak salatzen ditu; Irrintzi lanaren bitartez, berriz, lengoaiaren, komunikazioaren eta espazioaren arteko harremana aztertzen du. Irrintzia bere testuingurutik ateraz, hainbat espaziotan dituen erantzunak aurkezten ditu, eta lengoaiak testuinguruaren arabera eduki ditzakeen interpretazio ezberdinak azaleratzen.

Lan horiek guztiak aztertzen hasten garenean, artistaren lanean errepikapenak garrantzi berezia duela konturatzen gara, eta errepikapen honen barruan aldaketek sortzen dituzten testuinguru berriek lana eraldatu, aberastu eta diskurtsoa eraikitzen laguntzen dutela. Espazio bakoitzean ematen den ekintzaren errepikapenak emaitza berriak eragiten ditu, eta esperientzia berriak sortzen ditu. Artistak bikainki esan duen bezala, errepikapenaren bidez nortasuna eraikitzen da, eta errepikapenaren bidez iristen gara jarrera bat onartzera ere. Errepikapenean eta eraldaketan oinarrituta sortzen da erakusketako multzo interesgarrienetako bat: hamarkada honen hasieran sortutako lanek osatutakoa, hain zuzen ere. Hor daude Si yo soy yo y tu eres tu (2010), Uno, uno, dos, uno (2010) edo lehen aipatutako Cápitulo 2, V.W. (2012) besteak beste. Aipatutako ekintzen testu eta transkripzioak dira piezok, eta, soinu instalazio eskultorikoekin batera, marrazkiaren edo irudiaren estetika zoragarri bat sortzen dute, testuaren manipulazio fisikoaren bitartez. Benetan interesgarriak.

Baina lan bakoitzak gordetzen dituen berezitasunen gainetik, bada erakusketak orokorrean aurkezten duen bigarren irakurketa bat, hori ere ezinbestekoa. Ekintzaren eta performancearen inguruko gogoeta bat planteatzen da, momentuan sortzen den ekintza horren erregistroa eta ondorengo difusioaren azterketa bat izan daitekeena. Agian, lan hauek «dokumentazioaren» bitartez erakusketa batean azaltzen diren momentuan, arriskua egon daiteke oinarrizko ekintzaren simulakro teatral bat egiteko, zeina, ziur asko, arte prozesu hauen ezaugarrietako bat bilakatu baita. Hala ere, ez dut uste Okarizen kasuan sentipen hau sortzen denik, Tabakalerak, komisarioak eta artistak antolaturiko erakusketa borobil honen bitartez, nolabait ere artelanaren tolestura berri bat erakusten baitzaigu, oinarrizkoarekin guztiz lotzen dena, baina, era berean, irakurketarako ñabardura berriak erakusten dizkiguna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.