KRITIKA. Artea

Nortasuna baino gehiago

Txinako 60 artista eta artista talderen 120 artelan baino gehiago daude ikusgai Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
2018ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun

'Artea eta Txina1989 ondoren: Munduaren antzerkia'

Non: Bilboko Guggenheim museoa. Noiz arte: Irailaren 23ra arte.

Munduaren antzerkia du azpititulu Bilboko Guggenheim museoak aurtengo programazioaren barruan aurkezten duen proposamenik handienetakoak. New Yorkeko espazioan aurkeztu ostean, Bilbora ekarri dute Gerra Hotzaren amaieratik Pekingo Olinpiadak bitarteko urte nahasietan Txinak jasan zituen aldaketen aurrean hango arte sorkuntzak eman zuen erantzunaren berri ematen duen erakusketa. 1989ko ekainean, Tiananmengo plazako istiluek aldaketa garai bat eragin zuten, nazioartean zabaltzen hasi, eta 1990eko hamarkadan garatu zen globalizazio garaiarekin bat. Horrek aukera eta askatasun eremu berriak sortu zituen banakoarentzat, eta artista komunitatea aldaketa horien adierazle bilakatu zen; ibilbide horren irakurketa kritiko bat plazaratu zuen artearen bidez.

Munduaren antzerkia, era berean, erakusketa zabaltzen duen artelana ere bada. Huang Yong Pingek sortua, kaiola formako instalazio bat da, barruan hainbat intsektu eta narrasti dituena. Erakusketako hainbat lanetan izaten den Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko jokoaren lehen adibidea agertzen da bertan, Yong Pingek kosmologia txinatarra eta Ilustrazio garaiko mendebaldeko ideiak nahasten baititu (Foucaulten kontrol egituren bidezko modernitatearen kritika). Polemika iturri izan den lehen artelan hori abiapuntu harturik, Alexandra Munroe komisarioak —Philip Tanari eta Hou Hanru komisario gonbidatuen laguntzaz—, 60 bat artista eta talde artistikoren lanak bildu ditu, kronologikoki antolatutako sei ataletan banatuak: Debekatuta norabidea aldatzea: 1989; Neurketa berria: egoeraren analisia; 5 ordu: kapitalismoa, urbanismoa, errealismoa; Zalantzazko plazera: sentsazio-ekitaldiak; Beste nonbait: bidaiak tarteko lurraldean zehar; eta Zeinen utopia?: aktibismoa eta alternatibak 2008 inguruan.

Sei atal horietan hiru hamarkadatako artelanak biltzen dira, eta Gu Dixen 2009. urteko lan bat da aurkezten den azkena (azken hamarkada kanpoan geratu da). Orokorrean, Txinaren hazkunde ekonomikoak eragin duen kultura aldaketa azpimarratzen da, baina ez soilik barnealderi begira; erakusketako atalek eta lanek artearen testuinguru orokor baten inguruko galderak azaleratzen dituzte, globalizazioaren barruan Ekialdeko herrialde horren zabalkundeak izan zuen eragina ere azpimarratuz. Aldaketa politikoek eta ekonomikoek kapitalismorako eraldaketa bat eragin zuten; artearen, bere sareen eta bildumagileen artean ere aldaketa sakonak izan ziren, eta arte merkatuak erraz barneratzen zituen artelanak nahastuz joan ziren gizarte aldaketak adierazten zituzten proposamen esperimentalekin. Bigarren bide hori jorratzen du erakusketak, eta aurkezten diren artista guztiak, euren ideia politikoen gainetik, begirada kritiko batek elkartzen ditu.

Hala, askotariko ikuspuntu, ideologia eta sormen prozesuak agertzen dituzten artista multzo interesgarri bat biltzen da, pinturak, eskulturak, instalazioak, ekintzak nahiz bideo lanak biltzen dituena. Pinturaren eremuan, Wang Guangylen errealismoa, Ding Yiren konposizio geometrikoak eta Yang Jeichangen keinua nahasten dira. Bideo sorkuntzaren barruan, berriz, Xu Zhenen nahiz Zhang Pellen lanak aipa daitezke, besteak beste, ikuspuntu politiko eta kritiko argi bat zabaltzen dutenak. Eskulturan, berriz, Chang Zhenen lan ikusgarriek talka egiten dute Huang Yong Pingen proposamen satirikoekin. Era berean, Ai Wei Weik Han dinastiaren pitxer batekin eginiko ekintza famatuaren dokumentazioa eta 2008ko Beijingo olinpiar jokoen inauguraziorako Cai Guo-Qiangek egindako su artifizialen bideoa nahasten dira. Horiek guztiak erakusketa osatzen duten talde eklektiko baten adibide batzuk besterik ez dira, txinatar arteak azken 30 urteotan izan duen garapenaren adierazgarri.

Erakusketa, lehen aipatu bezala, Gu Dexinen panel zuri handi batzuek ixten dute. Horietan, gorriz, artistak hainbat esaldi idatzi zituen: Jendea hil dugu. Gizonak hil ditugu. Emakumeak hil ditugu. Agureak hil ditugu. Umeak hil ditugu. Jendea jan dugu. Bihotzak jan ditugu. Giza burmuinak jan ditugu. Jendea jo dugu. Jendea kolpeka itsu utzi dugu. Jendearen aurpegia hautsi arte kolpatu dugu. Azken lan horrek txinatar arte garaikidearen hainbat lanek zabaltzen duten gogoeta azaltzen du: globalizazioak politikaren eta kulturaren arloetan barneratu duen indarkeria. Baina indarkeria hori ez dator erregimen komunista batetik, kapitalismoaren erregimenetik baizik, eta poliki-poliki degradatuz joan den nortasun baten historia azaltzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.