Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Gorputz hauskorra

2021eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Millenial belaunaldikook 30 urteen krisian sartuak gara jada. Gure belaunaldia berezia da, gutaz asko espero zen, baina 2008ko krisi ekonomikoak askoren ametsak deuseztatu zituen, eta asko lan prekario batetik bestera ibili gara azken urteetan. Horrek frustrazio eta antsietate asko sorrarazi digu, eta 30 urte bete ditugunean gure ametsak bete ez ditugula ikusi dugu.

Amets asko genituen: batzuek beren bizitzako lan kutuna lortzeko ametsa zuten, beste batzuek atzerrian bizi nahi zuten eta beste askok familia bat sortu. Telesailetan krisi hori modu desberdinetan ikusten ari gara, eta millenial belaunaldiaren inguruko istorio desberdinak ikusi ditugu azken urteetan. Gaur Cardo (Atresplayer) ekarri nahi dizuet. Ana Rujasek eta Carla Costafredak sortutako telesaila da, eta bertan 30 urte beteko dituen emakume baten krisia ikusiko dugu. Bi emakumeek sortutako telesaila Espainiako fikzioan aurten ikusi dudan onenetarikoen artean jarri dut.

Maria da telesaileko protagonista, eta bere bizitza drogaz betea dago. Klase ertain-baxuko andrea da, eta bere erantzukizun bakarra Carabanchel auzoan lantoki duen denda da. Baina ez du ondo zaintzen. Parisera joateko ametsa zuen duela urte batzuk, baina egun fantasia urruna bihurtu da Paris. Madrildik ateratzea zaila du; auzotik ateratzeko aukera izan zuen, eta Madrilgo zentroan bizi da, baina auzoa bizitzaren erdigunean du.

Gau batean izandako istripu batek telesaila markatuko du, eta Mariaren beldur guztiak agerian geratuko dira. Auzo eta klase desberdintasunak erakutsiko dizkigu telesailak. Pertsona bat ezagutuko du, eta Carabanchel auzoa non dagoen ere ez du jakingo. Madril hiri handia da, eta agerian geratzen da Madrilgo biztanleen errealitateak oso desberdinak direla bizi zaren auzoaren arabera. Bizitza zortea da, gau batean non zauden edo non jaiotzen zaren, bizitza aldatzen duelako.

Telesail bortitza da une batzuetan, baina emakume horren egoera hobeto ulertzeko beharrezkoa da. Mariaren gorputza hauskorra da, bere irudiarekin modelo eta aktore moduan lan egin du, baina aurpegi polit bat baino gehiago izan nahi du. Bere bizitzaren norabidea hartzeko, bolantea aspaldi galdu zuen, eta bakarrik dagoela uste du. Bidea nola aurkitu?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.