KRITIKA. Antzerkia

Haize freskoa

Agus Perez -

2018ko apirilak 7

'Oingoan bai!' eta 'Agur eta dolore'

Konpainiak: Nisune eta Ttak! Lekua: Aulestiko udaletxeko aretoa. Eguna: Apirilak 5.

Emakumeak izan dira erabateko protagonista Aulestiko Artedrama Topaketetan. Laugarren egun honetan egitarau bikoitza eskaini da eta udal aretoa adin guztietako ikusleek bete dute, betiko lez. Ander Lipusek aurkezpenean azaldu digunez, topaketen ohitura da aurreko edizioetako ikasleren bati plaza ematea sorkuntza berri bat aurkeztu dezan, eta aurten Nisuneren proiektuaren txanda izan da, Oingoan bai! lanarekin.

Oso era sotilean agertu da taula gainean Josune Velez de Mendizabal. Egia esan, agertu baino gehiago, intsinuatu egin da, behin-behinekotasun egoera ezin hobeto adierazten zuen esekitoki baten atzetik. Eskailera tolesgarri biren artean hiru kordel zeuden tenkatuta, eta haietatik eskegitako izara eta plastiko mehe artean agertu ditu aktoreak bere eskuak, oinak, hankak eta besoak, abilezia handiz agertu ere, Hollywoodeko melodia ezagunak abestu eta munduko txoko ederrenetako postalak komentatzen zituen bitartean. Berak abeslari izan nahi zuelako, edo dantzari, munduko lau bazterretatik bidaiatu ahal izateko.

Postalen arteko agerpen progresibo horretan gero eta agerikoagoa suertatu da bere gorputza, eta aurpegia izan da erakutsi digun azken atala, kostata gainera, ordurako emanaldiaren erdian geundelako. Hortik aurrera, egurrezko forma antropomorfo batekin konpartitu ditu eszena, txikitako gogorapenak eta proiektu pertsonalak. Beharbada, pertsonalegia atera zaio lehen proposamen hau Velez de Mendizabali, baina bere gaitasun eszenikoa eta baliabideen maneiua ikusita, laster edukiko dugu haren berri beste kolektibo aurrerakoi batzuen lanetan.

Gaualdiko bigarren proposamena Ttak! konpainiaren eskutik etorri da, orain gutxi estreinatu den Agur eta dolore lanarekin. Izenburu beneragarri horren atzean ederto, neskak! Amancay Gaztañaga, Iraia Elias eta Miren Gaztañaga daude, lehena zuzendari eta beste biak antzezle. Taulan eskaini digutena aurkikuntza edertzat jo dezakegu. Nik ez daukat, benetan, han gertatutakoa deskribatzeko berba egokirik, jario nahikorik, erabatekoa, sukoia, leherkaria izan delako bien artean eragindako eztanda.

Bat balira bezala agertu dira aktore biak, burua estalita eta zapi beltzaren azpian maskara bana jantzita. Maskararen azpian benetako aurpegia, jakina, baina ordurako hasita zegoen geruza askotako jolasa, kaleidoskopio baten antzera mugitu dena, eta han egia eta fikzioa, antzezpena eta bizipenak, aurrera egiteko gogoa eta zalantza existentzialak bata bestearen gainetik, banan-banan eta denak batera, trumilka, samaldan, tropelean azaleratu dira. Bitartean, denak emanda zebiltzan Miren eta Iraia, beren buruaren, jarrera eszenikoaren eta keinu zehatzaren jabe, gogoeta matxinoak lagun eta maskaren Iraia Eliasen sorkuntza, begien eta ahotsen edertasunaz ondo hornituta. Haize freskoa ekarri digute, benetan, eta emanaldia berriz ikusteko gogoa, zelan ez.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna