Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Umezurtzak (II)

2019ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Duela astebete jakin nuen milennial bat naizela. Unibertsitate garaian bolo-bolo zebilen X belaunaldiaren kontua, eta nire belaunaldia hori zela pentsatu izan dut beti. Azkenaldian, «OK Boomer» esaldia nonahi irakurri daiteke. Eta, apur bat ikertu, eta 1982tik aurrera jaiotakoak milennial-ak garela ikusi dut. Egia esan, ni baino gazteagoak lotu ditut beti termino horrekin, eta ez naiz oso eroso sentitzen talde horretan. Tira, X belaunaldian ere ez.

Hori dela eta, aspaldian faltan sumatzen nituen eztabaida dibertigarri horietako bat izan genuen Twitterren. Felix Arrietak askoz egokiagoa iruditu zitzaidan kategorizazio bat bota zuen: Dragoi Bola belaunaldia. Bost minutuan asmatu genuen teoriaren arabera, gu baino gaztexeagoak direnak Doraemon belaunaldia dira, eta apur bat gazteagoak direnak, Shin Chan belaunaldikoak. Gu baino zaharragoak zer belaunalditakoak diren galdetu genuen, eta horiek Dotakon belaunaldikoak direla ebatzi genuen.

Eztabaida utzi eta afaria prestatzen hastean, buruan bueltaka jarraitu zuen ideiak: «Zein garrantzitsua izan den telebista gure bizitzan» pentsatu nuen. Gure izaera pertsonal zein kolektiboa zehazteraino! Ez da kontu makala, ondo pentsatzen baduzu. Eta badu zerbait ederra: definitu gaituen ikus-entzunezko eduki hori euskaraz ikusi genuen. Dotakon belaunalditik atzera telebistan ikusitakoarekin belaunaldiak kategorizatzen jarraitu nahiko bagenu, erdarazko edukietara jauzi egin beharko genuke: La bola de cristal, Los payasos de la tele...

Duela ez asko, ETBk umezurtz utz zezakeen belaunaldi batez aritu nintzen, eta Twitterren suertatutako solasaldi txepel honek baieztatu zidan dagoeneko bat baino gehiago umezurtz utzi duela. Gaur egungo umeen erreferentziak gaztelaniaz daude berriz ere. Gure adinera iristean, Patrulla Canina edo Shimmer y Shine izango dira haien belaunaldiak zehazteko erabiliko dituzten erreferentziak. Zalantzak ditut euskararekiko izango duten atxikimendua gurearen modukoa izango ote den.

Zaila da gauzak modu eraginkorrean egitea hizkuntza gutxitu batez ari garenean. Kasu honetan, ordea, ez dut uste hain zaila denik. Garai batean ondo egin zutena errepikatu besterik ez da egin behar. Ez dakit berandu ez ote gabiltzan, ordea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.