Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Nora goaz?

2020ko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
«Eta zuk? Zer ikusi nahiko zenuke ba ETB1en?». Neure buruari aurrekoan eginiko galdera bat da. Ahoz Aho-ren agurraren inguruko Ekografiak idazten ari nintzela harrapatu nuen nire buruan bueltaka, eta dezente eman dit pentsatzeko, egia esan.

Alde batetik, galdera beraren balizko erantzunak. Zer ikusi nahiko nukeen? Ba hasteko, kalitatezko fikzioa euskaraz, aukeratzen hasita, anitza eta askotarikoa, baina hori, badakizue, esan beharrik ere ez nuen. Ez hori bakarrik, ordea. Arimadun late night bat ere ikusi nahiko nuke ETB1en, euskaldunen klixez beterik ez dagoena, eta ez dadila izan, mesedez, familia guztiari iritsi nahian inori iristea lortzen ez duen horietako bat. Eta musika saio bat! Bai, musika saio bat. Nazioarteko zein artista euskaldunen zuzeneko musika eta elkarrizketekin. Munduan zehar argitaratutako disko berrien inguruan arituko dena. Eta behin eskatzen hasita... zinemaren inguruko saio bat ere gustatuko litzaidake. Goizeko ordu txikiak arte luzatzen diren Todopoderosos moduko debateekin. Informazio zerbitzu indartsu bat ere nahiko nuke. Gaztelaniazko informazio zerbitzuen soberakinekin ekoizten ez den bat, Teleberri, goizeko magazin politiko eta arratsaldeko arinago batekin. Lehen mailako kolaboratzaile anitzekin, erreportaje bereziak eta kanpo konexioak. Imajinatzen?

Hala ere, bestetik, «Zer ikusi nahiko zenuke ba ETB1en?» galdera horrek, balizko erantzunetik harago ere, eman dit zer pentsatu. Zergatik? Ba ETB ez delako gutako bakoitzak Olentzerori idatzitako gutun batekin konponduko. Ziur nago, galdera hori erantzuten hasita, oso erantzun ezberdinak jasoko genituzkeela, eta ados egongo gara guztiak posible egitea ezinezkoa dela esatean. Azken audientzia datuak argitaratu berri dituzte, eta ETB1ek zulorako bidean jarraitzen du, nahiz eta dagoeneko hondoa jota zegoela pentsatzen genuen askok.

ETB ez da zuk edo nik idatzitako desio gutun batekin konponduko, ETB hausnarketa sakon eta prozesu eraldatzaile batek bakarrik salbatu dezake, eta, horretarako, itsasontzia geratu eta nora joan nahi dugun erabaki beharrean gaude. Uste dut horretan errazagoa izango dela adostasunak bilatzea. Behin jomuga zehaztu, eta estrategia zein oinarri sendo batzuekin, gainontzekoa errazagoa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.