Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

'The Basque Route'

2020ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
The Basque Route estreinatu zuen ETB2k ostegunean. Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak diseinatutako zortzi ibilbidetan oinarritzen da saioa, eta atal bakoitzean ibilbide horietako bat ezagutu ahal izango dugu. Transmedia proiektua dela esan dezakegu, telebista saioaz gain webgune berezi bat ere prestatu baitute, saioa ikusi eta bertan ageri diren helmuga turistikoekiko interesa pizten zaion edonork informazioa eskura eta ondo ordenatua izan dezan. Are gehiago, saioan agertutako esperientzia turistikoak kontratatzeko aukera ere eskaintzen du webguneak.

Orain arte esandakoa nahikoa da The Basque Route publirreportaje bat dela jakiteko, eta hala da. COVID-19ak Aste Santuan Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko turismo industrian egindako zuloa udan errepikatu ez dadin pentsatuta dago, eta helburu nagusia bertako eta espainiar estatuko turismoa erakartzea da.

Gaixotasunak eta horrek ekarritako segurtasun neurriek presentzia handia dute saioan, eta gustatu zait nola landu duten gaia. Gehiegi esan gabe, leku ezberdinetan hartu beharreko neurriez ikasi dut, orain arte edozein politikariri entzunda ikasi dudana baino argiago.

The Basque Route izena du saioak, eta izenak azkenaldian gurean asko, gehiegi, errepikatzen ari den moda bati jarraitzen dio. Une batean, Bermeon, Tuna World Capital marka turistikoa ekartzen du IƱaki Urrutia aurkezleak elkarrizketara, eta izenarekin txantxa egiteko erabiltzen du, hark gidatzen duen saioak gauza berbera egin duela aipatu gabe.

Amaitzeko, nire mantra errepikatuko dizuet beste behin, egunero okerrago sentitzen bainaiz euskaldunak gaztelaniaz hizketan jartzen dituztela ikusten dudan bakoitzean. Helburua turismoa erakartzea dela esango dit norbaitek, eta arrazoia izan dezake. Hala ere, amorrua ematen dit euskaraz agurtu eta erosoen hizkuntza horretan arituko zen jendea gaztelaniaz entzutean. Are gehiago, protagonistak Mundakako australiar bat edo Bermeoko euskara ederrez ari den emakume zoragarri bat direnean. Saio bat Yolandarentzat, mesedez, orain. Eta euskaraz, noski. Ea noiz ikus dezakegun halakoren bat ETB1en. Horrela, agian, ez dira aste honetan zabaldutako datuak errepikatuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.