Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Azken taushiroduna

2021eko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Ez da nornahiri noiznahi eta nolanahi gomendatzeko moduko filma, erritmo motelekoa eta ekintza zein hitz gutxikoa baita, baina zirrara handia eragiten du Jonathan Milleten Desagertzea dokumentala ikusteak. Kanaldudek iragan ostiralean estreinatu zuen, Hordok saioaren barruan.

Amadeo Garcia Garcia du protagonista nagusi eta ia bakar Desagertzea-k, 80 urte inguruko gizona, taushiro hizkuntzaren azken hiztuna, azken taushiroduna. Espainieraz nahiko justu daki, baina hizkuntza horretara jo beharra dauka Peru iparraldeko Intuto herrian dituen lagunekin eta medikuarekin hitz egiteko. Jatorrizko hizkuntza, gurasoengandik ikasitakoa, taushiroa, zuhaitzekin, animaliekin eta hildako anaiarekin baino ez du mintzatzen jadanik. Anaia lurperatuta dagoen lekura joaten da maiz, harekin solastatzera. Badaki bera ere laster hilko dela, eta orduan berriro elkartuko direla esaten dio anaiari.

Zahartuta eta makalduta dago Amadeo. Gaitz eta aje askok erasotzen diote haren gorputz ihartu eta maskalduari, baina ez ditu oso zorrotz obeditzen medikuak ematen dizkion aginduak. Oihanera ehizara eta arrantzara bakarrik ez joateko gomendioa egiten dio, besteak beste, ezbeharren bat gertatuz gero nork lagundurik ez duelako izango, baina senak hara eramaten du Amadeo behin eta berriro.

«Ez nuen filma testuinguruz ito nahi», dio Jonathan Millet zuzendariak Hordok saioak dokumentalaren ondoren eskainitako elkarrizketa argigarrian. Alferrik esango zuen kontrakoa, filma ikusi bitartean galderaz betetzen baitzaio burua ikusleari. Baina ezin da ukatu horrek indarra eta interesa eransten dizkiola filmari, Amadeoren bizitzari buruzko informazioa gordez eta dosifikatuz jakin-mina areagotzen delako, protagonistarekiko enpatiarekin batera.

Jakin-min hori asetzen hasteko baliagarriak dira Milletek dokumentalaren ondorengo elkarrizketan egiten dituen adierazpenak. Horrekin aski ez duenak Nicholas Caseyk The New York Times-en 2017ko abenduan argitaratu zuen erreportaje mamitsura jo dezake, testu eta argazkiz ez ezik bideo labur batez ere hornitua. Dena den, gomendagarria da hori baino lehen Milleten lana aurreko azalpenik gabe ikustea, berezkoa eta berariazkoa duen biluztasunean. Bi hilabetez izango da aukera Kanalduderen webgunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.