Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Hegan egin

2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Jende askok beldurra dio hegazkinean ibiltzeari. Horri aurre egiteko teknika eta terapia ugari daude. Nire bikotekideak beldur horri aurre egiteko hegazkinen inguruan ikasi zuen. Hegaldi bat hartu behar dugunean, zein hegazkinetan goazen begiratzen du, eta batzuetan hegaldia hegazkin modeloaren arabera aukeratzen du baita ere. Hegazkina aireratzen denean flapak begiratzen saiatzen da, eta, motorraren soinuek zer esan nahi duten galdetzen badiot, askotan erantzuna badaki. Hainbeste informaziorekin, seguruago sentitzen da, eta hegazkinean sartzerakoan, beldurra sentitu bainoago, zirrara sentitzen du.

Azken asteetan Downfall: The Case Against Boeing dokumentala ikustea gomendatu dit. Netflixen ikusgai dagoen lan horrek Boeing konpainiako bi hegazkinek izandako istripu latzen arrazoiak argitzen ditu. 2018. urtean Indonesian gertatu zen lehena, eta bigarrena 2019. urteko martxoan, Etiopian. Bi istripuak Boeingek 737 MAX 8 modeloan egindako berrikuntza batzuen ondorio izan ziren. Berrikuntza horiek ez zizkieten inoiz azaldu hegazkin gidariei, eta istripua eduki zutenek gertatutakoa ezin izan zuten saihestu.

Istripuaren unea ulertzeko, Boeingen historia errepasatzen du dokumentalak. Boeing enpresak azken urteetan antolakuntzan eta fabrikazioan aldaketak eta murrizketak egin zituen, eta horrek kalitateari eragin egin zion. Dokumentalean testigantza oso aipagarriak aurkitzen ditugu: Boeingen kalitateko arduradunak izandako pertsonak dira batez ere. Bestalde, hegazkinen fabrikazioan urte askotan egondako ingeniarien testigantzak jasotzen dira. Denek argi dute Boeingek fabrikazioko gastuak murriztu nahi zituela bere lehiakideei aurre egiteko eta etekin gehiago izateko. Kapitalismo basatia nagusitu zen enpresan. Lan baldintzak okertu egin ziren, eta hegazkinak azkar egin behar zituzten fabrikan. Langileen testigantzen artean, batek adierazi zuen etxetresna elektrikoen enpresa batean baino okerrago zeudela. Egoera horrek, gutxiren diru nahiak askoren bizitzak arriskuan jarri zituen. Alde batetik, bi istripu horietan hil ziren 346 pertsonen bizitzak, eta, bestetik, langileenak. Dokumental horrek hegaldiei beldurra kentzeko ez du balio, baina hegazkinen fabrikazioren atzean dagoenaren inguruan asko ikasteko balio du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.