KRITIKA. Artea

Ikusezina ikusiz

Ixone Sadabaren hainbat lan, Bilboko Rekalde aretoan, Toki honetan 138 aldiz erakusketan. ARITZ LOIOLA / ARGAZKI PRESS.
2017ko abenduaren 19a
00:00
Entzun

'Toki honetan138 aldiz'

Artista: Ixone Sadaba. Non: Rekalde aretoa, Bilbo. Noiz arte: 2018ko urtarrilaren 14ra arte.

Apustu arriskutsua, edo, behinik behin, ausarta izan da Toki honetan 138 aldiz, Ixone Sadaba artistaren banakako erakusketarekin Rekalde aretoak oraingoan eginikoa. Apustuetan batzuetan galdu egiten da; besteetan, berriz, irabazi; berdinketan edo eremu neutroetan bukatzeko aukerak oso izan ohi baitira murritzak, eta hor, horien arriskua. Jokatu egin behar irabazteko, ordea, horrelako proposamen fresko eta borobilak aurkezteko.

Aretora sartu aurretik, Catherine Foulkrodek idatzitako testu osagarriak argi dio: «Ez sartu betiko moduan». Badirudi, hala ere, izenburuak ikusleari hautatzeko aukera ematen diola; «ez sartu betiko moduan» iradokizun soil bat da. Eta ikuslearen erantzuna gomendioari ez kasurik egitea bada ere, ezinezkoa da aretoko arauak bete gabe halakorik egitea (disidenteak egon dira, hala ere, tartean). Rekalde aretoan aurrez egon denak badaki aretoak markatzen duen ibilbidea sartu eta eskuinetara egitearena dela. Erakusketa honetan, berriz, eskuinetara eginez gero, oztopo batekin jotzen du ikusleak aurrez aurre, lurrean dagoen oztopoa, bidea eragozten duena. Trabaren beste aldean zer dagoen ikus daiteke zirrikituetatik, baina ezin da gainetik pasatu. Buelta ematera behartuta dago bisitaria, erakustaretora beste modu batez sartzera, eta ez hautuz —testuak iradokitzen duen gisara—, obligazioz baizik.

Maiz hitz egin izan da gai honetaz: erakusketetan ibilbideak normalean komisarioek finkatu ohi dituztela, erakusketarako hautatutako lanen ordena zehatzaren bidez. Hala eta guztiz ere, ibilbidea espazioaren tipologiaren menpe dago erabat, erakusketa aretoaren euskarriek, alegia, leku zehatzetan finkatutako horma zuri, aratzek bere horretan ordena modu bat, ikuslearen ibilbide fisikoa baldintzatzen baitute. Espazioak, horrela, ez dira inoiz aratzak, ez dira inoiz neutroak, kasualitateak sorturikoak, dagoeneko O'Dohertyk modu bikainez azaldu zuen moduan, ideologiez zopaturik baitaude. Are gehiago, aretoa bisitatu duen pertsona bakoitzaren istorio pertsonalez josirikoak dira.

Hormak badirudi gorputzak babesteko sortuak izan direla, haizeteetatik babesteko, euriteetatik, eguzkitik... Baina babesteaz gain tapatu ere egiten dute, gorputz bat bestearen begiradatik desagerrarazten dute, hormaren kanpoaldeko bi paretek barneko geruza guztia estaltzen duten modu berean. Toki honetan egindako 138. erakusketa honek hori guztia ipintzen du mahai gainean, hormak irekiz, zartatuz, erraiak argitaratuz, hormak lur bilakatuz, eta aretoko espazioa eta bertako ibilbidea guztiz eraldatuz, espazioak berez iradoki lezakeen sasi-araztasun eta sasi-neutraltasun guztiaz gabetuz. Maider Lopezek 2016an Donostiako Koldo Mitxelenako oinplanoa tokialdatu zuen gisara, aretoko egituren disposizio eta formekin jokatzen du oraingoan Sadabak Bilbon, modu metaforiko batez. Baina baita guztiz modu fisikoz ere, ikuslea erakusketa aretoan zehar ibilbide jakin batetik gidatuz, eta bisitaria gidatze horrez guztiz kontziente izanaz, gainera.

Aretoan barrena, piezaz pieza, hormaz horma, esanahiak plazaratzen eta forma hartzen doaz pixkanaka, hasierako obrak tartekoekin lotuz, eta tartekoak amaierakoekin, berriz ere amaierakoak hasierakoekin lotzen direlarik. Eta lehenengo aretoetan, nahiz eta obrak agian hermetikoak direla iruditu, ibilbidean zehar, espazioak berak gidatuta, eta aipatutako loturak eta konexioak bide, esanahiak, hausnarketak eta ideiak banan-banan, pixkanaka, bata bestearen atzetik askatzen hasten dira.

Desagertzea, ikusezina dena, eta batez ere ikusezina den bortizkeria, artistak bere ibilbidean landutako gai nagusietakoak izan dira, eta hala, erakusketa honetan presentzia berezia izan dute, espazioaren trataeran, eta baita aretoko piezetan ere. Baina hau ez da izan landuriko alor bakarra. Horren gainean, historiaren eta istorioen eraikuntza, objektibotasun edo egia kontatzearen fikzioa eta fikziozko narrazioen zintzotasunaren inguruko proposamenak ere biltzen baitira bertan.

«Adiskideok! Hau ez da aukeran duzuen kontua! Ez dago mugitzeko beste modurik! [...] Hormetan barrena ibiliko gara». Ez izutu C. Foulkroden testuan jasotako Aviv Kochavi jeneral israeldarren aginte hitzekin, eta eman pausoa aurrera. Sar zaitez Rekalde aretora, leku honetara, beste behin ere, 138. aldiz, eta ibili hormetan barrena, hormetatik zehar, hormez bestalde, eta ikusi ikusezina den hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.