Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Erdara batuen naturalizazioa

2018ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Azken egunotan euskaltzale grina piztu da iritzi zutabegileen artean, BERRIAn. Telebistaz erdaretan soilik ikusten eta jasotzen ditugunak euskarara ekartzeko nahia eta beharra adierazi dute zenbaitek. Tartean, Juan Luis Zabalak eta Lander Arretxeak. Euskara batuak mende erdia bete du eta haren ustezko plastikozkotasuna —gizartean duen presentzia eta prestigio eskasa— hizpide, ETBren funtzioaz hausnartu dute biek. Alegia, euskara (batua) naturalizatzeko.

Zabalak esan du fikziozko ikus-entzunezkoetako ahozkotasunean dagoela euskararen hutsunerik handiena eta hortik sartzen zaigula, ondorioz, erdara batua. «Alor horretan daukaguna eta kontsumitzen duguna hutsa da erdaraz daukagunaren eta kontsumitzen dugunaren aldean». Horregatik, dauden salbuespen txikiak kenduta, ETBn euskarazko «eduki erakargarrien premia larria» dugu.

Ildo horretan, Arretxeak porno gehiago ikusi nahi du euskaraz. Atzoko zutabe honetan eskatzen zion ETBri euskara erabili dezala gaiaren gaineko tabuak zein euskaldunon aurreiritziak apurtzeko. Helburua edo estrategia, hori bai, ez luke izan behar kuota bat betetzea; ikus-entzunezkoetan euskaraz ekoizteko eta kontsumitzeko espazio berriak sortzea baizik.

Bat nator Zabalak eta Arretxeak aipatutakoekin (akaso pornoa ez da nire gogokoena). Areago, Euskal Telebistan gauzak asko aldatu beharko lirateke haren deitura gure izaeraren ezaugarri berriro izateko. ETB bera nahiko plastikozkoa da. Baina ez dut uste egungo egoera konpontzeko erantzukizun osoa dutenik katea kudeatzen dutenek, Jaurlaritzaren Kultura saileko bulegoetan ere arduraren zati bat dago.

Netflixek jada AEBetan baino harpide gehiago ditu handik kanpo: 68 milioi versus 56. Hala ere, plataformak garbi du gauza bat: telesailek, gutxienez, ingelesezko azpitituluak izango dituzte; eta beste batzuk bikoiztu egiten dira. Estrategia, beraz, bat eta bakarra: negozioa egitea —edo ingelesa ikasten duzu edo ez duzu Netflixik—. Beraz, zergatik ez dugu euskal ikus-entzunezkoen estrategia digitalik? Noizko EITB Nahieran dagoen eskaintzaren iragarki bat ETB1en eta ETB2n? Neurri politikoak hartu ezean, erdara batuen naturalizazioa izango da euskararen eta estatus bereko hizkuntza minorizatuen plastikozkotasun arazoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.