Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Fikziozko unibertsitatea

2018ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Unibertsitate garaia gogora ekartzen didan telebista saioa ikusten ari naiz azken asteotan. BBC Two katean ematen duten MasterChef: The professionals. Berez, MasterChef saio nagusiaren spin-off bat da; TVEko MasterChef Junior edo MasterChef Celebrity bezala. Ez dakit zenbateko ikusle kuota duen—baldin eta oraindik sistema horrek balio duen saio baten arrakasta neurtzeko—, baina katigatuta nauka. Profesionalen arteko lehiaketa gastronomikoan oinarritzen den saioa da. Monica Galetti eta Marcus Wareign sukaldariek eta Gregg Wallace telebista gizonak aurkezten dute.

Final laurdenetan murgilduta daude, eta parte hartzaileen urduritasuna agerikoa da. Lehendabiziko proba gustatzen zait, Skills test izenekoa, sukaldari profesionalen trebetasuna neurtzen duena. Hogei minutu ematen dizkiete Galettik eta Wareignek aurrez ikusleari erakutsitako platera egiteko. Lehiakideak banaka sartzen dira sukaldera eta jasotzen duten informazio bakarra da plateraren izena. Osagai berberak erabiltzeko aukera duten arren, bitxia da nola izenburu beretik emaitza ezberdinak aurkezten dituzten —zaporeak, testurak, koloreak, eta abar—. Sukaldari bakoitzak bere egiten du epaileek emandako errezeta, eta horrela eraikitzen da sukaldari baten sinadura. Haien nortasunaren isla baita osagai zehatzak elkartzeko eta horiek prestatzeko modu partikularra.

Epaileek sukaldarien platerak dastatu eta nota jartzen diete; orduan, askotariko jarrerak izaten dira. Poza, tristura eta axolagabekeria. Sukaldari bakoitzaren izaeraren arabera, hain zuzen ere. Plazera da ondo sukaldatzen duen edonor pasioz lanean ikustea. Egia esan, pantailaren beste aldeko ikasleak gara gu, baina noiz edo noiz epaile lanak egiten harrapatu dut neure burua. Platerak dastatu gabe, telebistarekin hitz egiten.

Zergatik ekartzen didan saio honek unibertsitate garaia gogora? Urduritasunez joaten nintzelako azterketetara, baina aldi berean gustatzen zitzaidan egoerak eragiten zidan adrenalina igoera. Lehiaketa baten antzekoa zen. Aurrez jakin gabeko galderen aurrean jarri eta, buruz ikasitakoaz, aldamenekoak baino hobeto erantzun. Horretarako ere denbora mugatua zen. Aitortuko dut, gainera, pozez jasotzen nuela nota. Baina ez al da hori dena ere nahiko fikziozkoa?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.