EKOGRAFIAK

Goazen aitortzera

Lander Arretxea -

2019ko urtarrilak 22
Izango du zerikusirik joera orokorraren kontra eginez nabarmentzeko zaletasun infantilak, eta ez dadila inor harritu hemendik gutxira lubakiaren beste aldean kokatzen banaiz; baina gaur, adinkide mordoxka bat telesaila gurasokeriaz gutxiesten entzun eta gero, halaxe nahi dut idatzi: Go!azen telesailaren alde.

Kontra aritzea errazegia delako izango da, agian. Bistan da: Basakabiko udalekuetako gorabeherak kontatzen dituen telesaila arina da, maitasun erromantikoaren oihartzunak kutsatua, azalekoa. Ez du inongo pentsalari edo pedagogo aurrerakoiek jendarte hobe bat sortzeko tresna eraginkorrenen zerrendan kokatuko. Baina ez dezagun ahaztu zer eta zeinentzat den: nerabezaroan eta nerabezaroaurrean daudenentzako fikziozko lana da; orain eta hemen, publiko hori erakarri eta erreferentziazko bilakatzeko behar dituen elementuak dituena. Zenbakiei begira jarrita: adin tarte bereziki erabakigarri batean euskarari —eta euskal musikari— toki esanguratsua ematen dio.

Helduentzako edukietan aspertu egiten gaituzte zurikeriak eta moraleja esplizituegiek. Pertsonaia ilunak eta oker jokatzen dutenak nahi ditugu ikusi. Zergatik ez pentsatu akaso gazteagoek ere nahi dutela antzekorik? Haiek ere gai direla irakasgai kutsu nabarmenegia usaindu eta horri ihes egiteko? Besterik da ea itxuraz azalekoa den planteamendu horren barruan zeharka eduki hezitzaile batzuk sartu behar ote diren. Baiezkoan nago, baina telesaila osorik ikusi gabe ere ausartzen naiz esatera dagoeneko ari direla horretan: tokia egiten bullying-aren ondorioei, LGTBI harremanei, familia eredu ez (horren) normatiboei...

Memoria selektiboa da gurea. SuperBat, Vicky Bikingoa eta Pipi Galtzaluze gogora ekarrita, gure hezkuntza telebisibo infantil eta adoleszentea puskaz eredugarriagoa izan zela defendatzea autoengainu hutsa da. Gu gara ETB1en Shin Chan ematen zutenean etxera irrikaz joaten ginenak, Doraemon eta Nobitaren istorioak —bere genero rol eta mezu ezin zalantzagarriagoekin— miretsi ditugunak. Rebelde Way, Los Serrano, High School Musical, One Tree Hill eta abarrek telebistari pega-pega eginda izan gaituztenak. Gauza asko da Go!azen, eta ez denak onak, baina jarri ETB2 edozein arratsaldetan. ETBk helduak nerabeak baino puskaz okerrago hezten, eta (des)informatzen gaitu.