Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Sakelako 'pilulak'

2019ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Zutabegileon lana ez da beti hain erraza izaten. Ekografiak-en kasuan, zehazki, esango nuke zailagoa izan daitekeela, beti idatzi behar dugulako telebistari lotutako gai bati buruz. Eta beti ez dago modurik tarte nahikoa ateratzeko eta etxeko lanak behar den moduan egiteko. Alegia, telebista patxadaz ikusteko eta aztertzeko. Hori bera gertatu zait gaurkoan. Horrenbestez, sakelakora iristen zaizkidan bideo pilulak dira nire irtenbideak. Suposatzen dut hedabideen estrategietako bat ere badela bide horiek erabiltzea —sare sozialak, hain zuzen ere— audientziarengana iristeko. Behinik behin, funtzionatzen du.

Atzo goizean, gosaltzen ari nintzela, Twitter bidez jakin nuen Katixa Agirre idazlea ETB1eko Gure kasa saioan izan dela. WhatsAppez, berriz, La Polla Records musika taldeko Evaristo Paramos #0 kateko La resistencia saioan. Haien profilak urrun samar daudela pentsa badaiteke ere, biak dira kultura sortzaileak. Bestalde, gertuko pertsonak ditut. Paramos nire jaioterrian bizi da aspalditik (Oñatin), eta Agirre, aldiz, EHUko lankidea da. Beraz, haiek esandakoak entzuteko interesaz gain, banuen pixka bat kuxkuxeatzeko gogoa ere. Justuki, bi saioen azken emaitza ere izan zen hori: haien bizitza pertsonalaz gehiago hitz egin zuten.

La Polla Records taldearen 40. urteurrena beteko da datorren abenduan. Alajaina! Nork ez ditu gogoratzen haien abestien letra ezin ezkertiarragoak? Urteurrena ospatzeko, kontzertu bira aurkeztu dute. Paramosek ibilbide profesionalean bizi izandako pasarte ugari kontatu zizkion David Broncano aurkezleari. Ikuspuntu pertsonaletik eta umore espiriturik galdu gabe. Hori bai, ez zen horien xehetasunetan sartu. Esan zuen memoria arazoak dituela eta ez dela gauza askotaz gogoratzen. Bankuan duen diruaz bai, noski: 1.700 euro inguru. Urteak ez dira alferrik pasatu euskal punkaren izar handi honentzat.

Euskal literatura, berriz, «esne mamitan» dagoela esan zioten Katixa Agirreri Gure kasa saioan. Baina horren aurka azaldu zen gonbidatu gasteiztarra. Areago, idazle batzuk «sobera» daudela dio. «Irakurleak sartu behar dira gurpilean», beti ari omen garelako idazleez hitz egiten. Egia da hori. Zer diote irakurleek? Agian, une egokia da ikerketa abiaraztea euskal literaturaren audientzia ezagutzeko. ETB1eko Artefaktua erabiliz, esaterako?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.