Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Labur

2019ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
«Sentitzen dut eskutitz hau ohi baino luzeagoa izatea, baina ez dut izan laburrago idazteko astirik». Blaise Pascal fisikari eta pentsalariak XVII. mendean idatzia da esaldia, geroztik milaka sasijakintsuk maileguan hartu dutena. Duguna. Orain arte irmo eutsi diot zutabe bat aipu ilustre batekin hasteko errazkeria tentagarriari, baina gaurko salbuepenak badu bere justifikazioa: Pascal jaunak iradokitzen duen bide beretik, aipuak —eta haikuak, eta esaera zaharrak, eta esloganak...— hori direlako hain zuzen: luzea dena labur esateko behar den lanaren eta buru-argitasunaren froga.

«Labur» hitza «luze» baino luzeagoa dela idatzia du Joseba Sarrionandiak, eta paradoxa bertsuan bizi dira alokairua edukia sortzearen truke jasotako sosekin ordaintzen dutenak: laburtasuna saritu eta apreziatzen denean —30 segundoko spota, 240 karaktereko txioa—, kantitatea ordaintzen da oraindik.

Telebista ere astindu du laburtasunaren haize boladak. Pentsaezinak dira garai bateko ordu eta erdiko elkarrizketak. Youtube edo gisako plataformen bidez zabaldu direnaren aitzakian, telesail laburrek izen eta kategoria propioa dute gainera: webserieak. Baina berritzailetzat jotzen den (ia) ororekin gertatzen den bezala, ustez sareko telesailentzat behar lukeen izena eufemismo nahasgarria bilakatu da: «Webseriea» idatzi eta esaten da; «laburra, merkea, amateurra» irakurri eta entzun.

Horregatik da erronka zaila telesailak motzean kontatzea. Fikzioa merkatzeko lasterbide bat besterik ez denean, oso baliabide gutxi bideratzen dira; eta laburtasunera egokitzea dirudiena baino zailagoa denez, hamar minutu eskasean gauza asko kontatu nahi dituztelako egiten dute kale askok.

Badira traba horiek gainditzen asmatu dutenak: dialogoetan oinarrituz, denbora tarte laburrean gertatzen diren istorioak kontatuz eta baliabide profesionaleei esker. Berriki ezagutu ditut bi: Youtuberen Wigs istorio sorta, eta Atresmediak atal independenteak josiz osatu duen Gente hablando. Horra bi eredu laburtasunari neurria hartzeko lan zailean ari denarentzat opari. Baita horretarako baliabideak jarri behar dituenarentzat ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.