Lander Arretxea.
EKOGRAFIAK

Familia bat garai bakoitzeko

2019ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Gomendio on bat egiteko inoiz ez da beranduegi. Ohituta gaude klase guztietako heroi eta anti-heroien biopic edo dokumentalak ikustera. Sareko plataformek ondo dakite ikusmira zerk pizten duen: morboak eta pertsonaia ezagunek. Dagoeneko ez da musikari, aktore, serieko hiltzaile edo sekta ilustrerik bere ibilbidea errepasatuko duen ikus-entzunezkorik gabe. Fikziozkoa izan edo ez.

Baina, tarteka, egunkarien azalak bete dituzten pertsonaien argi-itzalak erakusten dituzten filmen artean, nabarmentzen da istorio ezkutu eta (itxura batean) arruntagoak erakusten dituen lan bat edo beste. Eraginkorrak izateko ikusleak aurrez dakiena erabili behar ez duten dokumentalak dira. Ezagutzen ez ditugun arren, magnetismo berezia duten pertsona eta familiak erakusten dizkigutenak. Behin eta berriz ikusteko moduko altxor bitxiak.

Orain gutxi ikusi ditut (bigarren edo hirugarrenez) haietako bi. Biek ala biek aberatsa izandako familia bat dute ardatz. Jaime Chavarriren El Desencanto (1976) da bat. Leopoldo Panero poeta zendu ostean, haren emazte eta seme-alabek kontatutakoak jasotzen ditu. Harkaitz Canok gomendatu zuelako ikusi nuen lehenengoz, eta txundituta geratu nintzen protagonista guztiekin: hain dira buruargiak, hain dekadenteak, sinzeroak, hain zorigaiztokoak. Munduko zalantza existentzial denak lau pertsona horietan kabitzen direla dirudi. Bereziki liluragarria da Felicidad Blanc ama: nostalgia eta elegantzia hotz hori...

Atzo kusi nuen bigarrena, eta lehenak bezala, ama liluragarria du protagonista. Muchos hijos, un mono y un castillo (2017) du izena, eta Gustavo Salmeron aktoreak egindako filma da. Hiru gauza horiek nahi eta lortu zituen ama —eta bide batez familia osoa— grabatu zituen hamalau urtez horretarako. Herentzia baten bidez erosi eta krisiarekin galdu zuten gaztelua agertoki ezin hobea da diogenes sindromeak jotako Julia Salmeron ezagutzeko: haren mania infantilak, umore inteligente bezain garratza, ateraldi bakoitzean duen dirdira.

Bi dokumental horiek pertsona liluragarrien testigantza baino gehiago dira. Askoz gehiago. Espainiaren historiako aro dekadentea ezin hobeto islatzen dute. Garai baten (edo batzuen) erretratua dira. Hori da istorio familiarrak liratekeenak dokumental eder bihurtzen dituena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.