Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Hasi da Cannes

2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Gutxi izango dira azken egunotan Cannesko Zinemaldiaz entzun ez dutenak. Programazioak hiru egun besterik ez ditu egin, eta dagoeneko sare sozial guztiak hartuta dauzka. Baita telebista kate askotako albistegiak ere, non horietako batzuetan atal bereziak sortu dituzten eguneko laburpenak egiteko—klima aldaketaren berri emateko berdin egingo balute!—. Tira, aurten, 72. edizioa du, eta maiatzaren 25era bitartean egingo dute. Zinemaldia aitzakia ere bada datuak eta txostenak zabaltzeko; akaso, batzuetan gehiegi. Eta boladako gaiez eztabaidatzeko bada, hobe. Genero berdintasunaz eta Netflix auziaz, esaterako. Cannesko iturrien arabera, lehiaketan jasotako film luzeen %26 emakumezkoek zuzendutako lanak izan dira (1.845 film). Film laburren kasuan, berriz, %32. «Zenbaki horiek frogatzen dute, beraz, emakumezkoen presentzia gero eta garrantzitsuagoa izango dela». Horiexek dira Thierry Fremaux jaialdiaren zuzendariaren hitzak. Baina barrura begira, zer? Erakundeak adierazi du jaialdiko lantaldearen %61 emakumeek osatzen dutela. Horrez gain, filmen hautaketa batzordean eta lehiaketa nagusien epaimahaian (Un Certain Regard eta Camera d'or) parekidetasuna bete dute. Frantziako zinemaldiak iazko edizioaren baitan sinatu zuen 5050 x 2020 hitzarmena, eta ez du aukera galdu nahi izan egindako hobekuntzak aurkezteko. Halere, badu zer ondu; izan ere, film laburren epaimahaian hiru gizonezko eta emakume bakarra daude aurten.

Beti dago zer hobetu, eta zineman dagoen genero parekidetasunik eza Cannestik harago ere badago. Netflix auziarekin gertatzen den bezala, hain zuzen ere. (Zinemazale) Gutxi izango dira dagoeneko jaialdiaren eta streaming plataformaren arteko harreman korapilatsua ezagutzen ez dutenak: konpainia estatubatuarrak ekoitzitako filmak ezin dira Cannesen lehiatu—momentuz, joko arauak laster aldatuko baitira. Gaiaz eztabaidatzeko, beraz, industria ekitaldia izango da maiatzaren 21ean: Meet the streamers (streamig plataformak ezagutzen). Nahi eta ezinezko amodio istorio kutsua hartzen diot. Jaialdiak plataforma independenteak gonbidatu bakarrik (Filmin, Kinoscope, MUBI, Le Cinema Club), ekoizle eta banatzaileen arteko harremanak lantzeko. Hasi da Cannesko denboraldi berria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.