Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Metatelebista

2019ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Eskola garaian zientzien aldetik jaso nituen kolperik handienak, eta ez ziren gutxi izan. Bereziki matematikak gorroto nituen, eta, urte batzuk pasatuta ere, gauzak ez dira gehiegi aldatu. Hala ere, zientziak orokorrean beti piztu dit jakin-min berezi bat. Fisika kontuek edo unibertsoaren ezagutza nahiak har moduko bat sortu didate, eta dezente kontsumitu ditut gai horien inguruko ikus-entzunezkoak. Duela ez asko aritu nintzen tarte honetan bertan gure hizkuntzak eduki zehatzak izatearen beharraz, eta horren adibide eredugarria dugu Teknopolis saioa.

Hogei urte bete berri ditu Elhuyarren eta ETBren artean ekoiztutako saioak. Noizbehinkako jarraitzaile izan naiz, eta nahiz eta Miren Manias saio horretaz aritu zen denboraldi hasieran, asteburuan telebistaz aritu zirela baliatuz, nik ere heldu nahi izan diot.

Gauza bat dago, beste guztien gainetik, Teknopolis-ek ondo egiten duena. Egunerokoan inguruan ditugun teknologiak edo errealitateak zientziaren hizkuntzara itzuli, eta modu ulergarrian kontatzen dizkigu. Aste honetako saioan ere horrela izan da, eta telebista gure etxeetara nola iristen den azaldu digute. Komunikazioaren historiarekin laburpen txiki bat egin ondoren, izpi katodikoekin funtzionatzen zuen traste haren ibilbidean murgildu gaituzte. Saioan protagonismo argia izan zuen Itelazpi enpresak —telebistan lan egiten dugunok ondo ezagutzen dugu, baina kaleko jendearentzat erabat ezezaguna da—. Haien bidez ezagutu ahal izan dugu telebistak sortzen den gunetik gure etxeetara iristeko egiten duen bidea.

Horrez gain, telebistarekin lotutako gaur egungo aplikazioak ere ezagutu ahal izan genituen. Haien artean, zur eta lur utzi ninduen RunPee app-ak. Horren bidez, telebistan ikusten ari garen film batean pixa egitera joateko une egokia zein den jakin dezakegu (ez da txantxa).

Saio ederra iruditu eta oso bizkor igaro zitzaidan. Zerbait kritikatzearren, eta gainetik aipatu bazuten ere, faltan sumatu nuen analogikotik digitalera izan zen aldaketaren inguruko azalpen sakonago bat. Orokorrean, saio borobila da Teknopolis, baina beldur naiz tonu eta errealizazio aldetik zaharkitua geratzen ari ez ote den. Hogei urtean zientziaz eta berrikuntzaz hitz egin digun saio batek narratiba zein errealizazio aldetik ausartagoa izan beharko lukeelakoan nago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.