Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Trajedun gaizkileak

2020ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Trajedun eta gorbatadun gaizkile ugari daude, erabaki garrantzitsuak hartzen eta gure zergetatik kobratzen». Diego Luna aktore mexikarraren adierazpenak dira, 2018ko azaroan egindakoak eta The Huffington Post aldizkari digitalean jasotakoak. Paula Gonzalez kazetariak egin zion elkarrizketa Lunari, Bilbon, aktorea MTV EMA galan sari bat banatzeko etorri zela aprobetxatuta. Narcos: Mexico telesailaren protagonista nagusia da mexikarra, Guadalajarako (Mexiko) kartelaren goraldia eta beheraldia kontatzen dituen lanarena. Lunak dioenez, telesailak balio du Mexikoren historia kontatzeko eta herrialdeak bizi duen egoera «zoroa» azaltzeko. «Indarkeria basatia ulertzeko eta aztertzeko zerk eragin zuen AEBekin gaur egun dugun harremana».

Lehenengo denboraldia 2018ko azaroan estreinatu zuen Netflixek. Ordubeteko hamar atalez osatutakoa, hain zuzen. Bigarrena, aldiz, joan den astean estreinatu zuten: otsailaren 13an. Hori ere hamar atalez osatua dago, eta bakoitzaren iraupena aurrekoen antzekoa da.

Miguel Angel Felix Gallardo (Diego Luna) El Padrino Guadalajarako karteleko liderra izan zen 1980ko hamarkadan. 35 urtez, AEBen eta Mexikoren arteko droga trafikoaren kontrola izan zuen. Zuzenean edo zeharka, herrialdearen egungo narkotrafiko maparen arduraduna da. Gallardo preso dago 1989tik, segurtasun neurri altuko kartzela batean. Azken urteetan, gaitz ugari izan ditu; begi bat eta entzumen gaitasunaren %70 galdu ditu. Urtarrilaren 8an, 74 urte bete zituen. Beraz, gainerako bederatzi urteko zigorra etxean betetzeko eskubidea du. Kanpora irteteko eskaera egin du Gallardok, baina oraindik ez du erantzunik jaso.

Denboraldi berriak begirada politikoan sakontzen du. Detaile osoz azaltzen du estatuaren, botere ekonomikoen eta droga trafikoaren arteko harreman estua. Zalantzarik gabe, drama bizia eta krimen ugari pantailaratzen dira. Pertsonaien garapen gizatiarra nabarmenduko nuke. Ezinbesteko osagaia da gangsterretako edukietan, ikusleak gaizkilearekin enpatia sentitu dezan. «Amodio, inbidia edo erru sentimenduengatik gidatuta sentitzen diren pertsonaiak dira», dio Lunak. Haren ustez, horien erabilera ezinbestekoa izan da Gallardorekin konektatzeko. Trajedun eta gorbatadun gaizkilea izanik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.