Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Klasikoak

2020ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Real Madril eta Bartzelona futbol taldeen arteko norgehiagoka jokatu zen igandean. Ikusmin handia piztu zuen gizonezkoen partidak, bereziki ordainpeko telebista zerbitzuetan. Movistar Plus bidez, kasurako, 2,6 milioi lagunek jarraitu zuten. Uneren batean, gainera, hiru milioitik gora iritsi zen partidaren audientzia maila. Hala, ordainpeko kateei dagokienez, Movistar Plus izan zen liderra, ikusle kuotaren %64 eskuratuta. Hori da marka. Egiaz, futbol partidaren emaitzak eman dio kate tematikoari denboraldiko share onena: %13,4. Irekian ikus daitezkeen kate pribatuetatik oso gertu. Telecincok, zehazki, %13,7ko kuota izan zuen egun berean.

Ikusmin mediatikoa ere piztu zuen futbol partidak. Santiago Bernabeu zelaiaren inguruan zazpi unitate ibiltari ikus zitezkeen. Barrualdean eta kanpoaldean, berriz, 500 kazetari inguru eta goi bereizmeneko 33 kamera. Azken horietatik bi, Karim Benzema eta Lionel Messi jokalariak 90 minutuz jarraitzeko baliatu ziren bakarrik. Real Madrileko eta Bartzelonako jokalariak dira, hurrenez hurren. Iturri batzuen arabera, beste kamera bat Cristiano Ronaldo Juventus taldeko jokalari eta Real Madrileko jokalari ohia jarraitzeko erabili zuten. Izan ere, Bernabeuko palkotik jarraitu zuen partida. Zelaiko ikus-entzuleak zenbatu gabe, 650 milioi ikusleko potentziala izan zuen partidak; 182 herrialdetan jarri zen ikusgai.

Igandeko partida Movistar Plus bidez jarraitu nuen. Eta ez zen telebistaz gustura jarraitzeko modukoa izan. Ez, behintzat, lehen zatiari dagokionez. Euri zaparrada ari zuen Madrilen, eta zelaiko kamerak goitik behera busti zituen. Puntako baliabide teknikoak jarri bazituzten ere, 1990eko hamarkadako partida zirudien. Pantaila txikia tantaz betea, alegia. Inori axola ez balio bezala. Horrez gain, arazo teknikoren bat ere izan zen unitate ibiltariko nahaste-mahaian. Hala irakurri nion kazetari bati, Twitterren. Berrogei minutu luzez, gutxienez, plano luzeekin osatu zuten errealizazio osoa. Emankizun eskasa eskaini zuten. Partida komentatzen ari ziren gizonezko kazetariei esker izan ez balitz, nekez jarraituko nukeen jokoa.

Bigarren zatian, zorionez, arazoa konpondu zuten. Halere, esango nuke Movistar Plus kateak barkamena eskatu beharko lukeela; eta norgehiagoka ikusteagatik ordaindu zutenei dirua itzuliko dietela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.