Miren Manias.
EKOGRAFIAK

Borroka feministak

2020ko martxoaren 11
00:00
Entzun
ETB2ko bi film luzeak irentsi nituen igande arratsaldean. Etenik gabe, iragarkiak kontuan hartu gabe. Die göttliche Ordnung (Ordena jainkotiarra) izenekoa bata, eta Fried Green Tomatoes (Tomate berde frijituak) bestea. Emakumeen Nazioarteko Eguna zela eta, programazio berezia eskaini zuen gaztelaniazko kateak. Lan biek borroka feminista izan zuten hizpide; lehenak, Suitzako emakumeen bozkatzeko eskubidearen aldeko borroka, eta bigarrenak, senarrekiko independentzia lortzearen aldekoa. Azken hori ikusia nuen, baina gustura irentsi nuen berriro.

Gustura kontsumitu dudan beste eduki feminista bat La2eko dokumental sorta berria izan da: Mujeres en La2. Guztira, zortzi atal ekoitzi dituzte. Jada, lehen biak eskuragarri daude RTVEren nahieran zerbitzu zoragarrian. Martxoaren 5ean, ostegunean,45 minutu inguruko bi atal eskaini zituzten, 23:30ean. Dokumental sortaren helburua da ogibide ezberdinak dituzten emakumeak gehiago ezagutzea eta ezagutaraztea. Tartean ikertzaileen, kirolarien, aktoreen, migratzaileen eta epaileen lana. Protagonisten laguntzaz, emakumeen gaineko mitoak eta aurreiritziak baztertu nahi dira.

Aktoreen atala ikusiz gero, ezagutuko duzue zergatik, noiz eta nola erabaki zuten Helena Ezquerrok, Barbara Lenniek eta Julieta Serranok aktore izatea. Aktore ikasleak, aktore profesionalak eta ibilbide luzeko aktoreak, hurrenez hurren. Baita bakoitzak nola jasotzen dituen publikoaren txaloak eta laudorioak ere. Edota nola prestatzen eta entseatzen dituzten obretako rol ezberdinak. Serrano dudatsua, lotsatia eta beldurti samarra zen gaztetan. Eta oholtzak «bizia» ematen zion, «zerbait» pizten zion «barruan». Uste berekoak dira Lennie eta Ezquerro. Azken horrek, esaterako, «lotsari aurre egiteko» baliatzen du profesioa.

Hirurek pasio bera dute amankomunean: antzeztea. Halere, adinaren arabera, ibilbide ezberdina egin du bakoitzak. Serranok ez du casting bat bera ere egin bizi osoan. Lenniek eta Ezquerrok, aldiz, «pila bat». Aktore izateak, bestalde, alde txarrak ere baditu. «Zahartu egiten gara, gorputza aldatu egiten da, deitzeari uzten dizute...», azaltzen du Lenniek. Azkenaldian, sarri galdetu dio bere buruari: «Zenbat denbora gehiago jarraitu nahi dut hau egiten?». Non dago emakume horien guztien borroka feminista?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.