Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Aniztasun ziurtagiriak

2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Zinemaren publikoaren «aniztasuna hobeto islatzeko asmoz», Hollywoodeko Zinema Akademiak erabaki du 2025eko Oscar sarietako sari nagusia irabazteko honako baldintza hauetako bat bete beharko dutela 2024an estreinatutako filmek: zuria ez den protagonista bat izatea gutxienez; bigarren mailako pertsonaien %30 emakumeak, gutxiengoetako kideak, LGBTQak edo ezinduak izatea; bestela, gai nagusia pantailan gutxi agertu ohi diren talde horietako bati buruzkoa izan beharko du. Hiru baldintza horietako bat nahikoa da, eta bakar bat bete gabe ere nahikoa izan daiteke talde teknikoko kideen %30 gutxiengoetako kideak izatea, edo talde bateko nagusia gutxiengo bateko kide izatea, besteak beste.

Ez dira oso baldintza zorrotzak, baina buruhausteak emango dizkiete ekoizle eta zuzendari batzuei, aniztasun ziurtagiri moduko baten bila jarriko baititu. Irudika dezakegu atzean kristalezko horma duen bulego dotore bateko exekutiboa baldintzetako bat, in extremis bada ere, betetzeko behar diren tranpak kudeatzen: «Zure koinatua inuita da, ezta? Zer iruditzen zaizu hark izenpetzen badu zure lana? Ordainean plus bat emango dizut, koinatuarekin banatzeko».

Hemendik gertuago, duela bi urte, Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak sortutako Sormen Beka Da literatura beka aurkeztu zenean, proiektuen balorazio irizpideen artean «kultur artekotasuna», «genero berdintasuna» eta «integrazioa» izango zirela jakinarazi zuten. Aniztasun ziurtagiria komeniko zela, alegia.

Badu bere logika. Baina bitxia ere bada sormenari mugak ezarriz bilatzea aniztasuna.

Norbaitek esanik izango du honezkero ez naizela telebistaz ari, zinemaz eta literaturaz baizik. Baina aniztasunaren bilaketa artifiziala zuzentasun politikoaren adar bat baino ez da, eta zuzentasun politikoak, oro har, oso lotua, mugatua eta (auto)zentsuratua du gaur egun telebista ere. Kau Kori Kuraren Youtubeko bideo gomendagarriak ikusi besterik ez dago, alderaketa hutsez, horretaz jabetzeko. Kosta egiten da horiek telebista saio batean irudikatzea.

Behin eta berriz gauza bera ikus-entzuten ari zarelako irudipena da askotan zurruntasun horren emaitza, luzaz erabilitako txikleak ahoan uzten duen neke desatseginaren antzeko zerbait.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.