Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Inork ez zidan esan

2020ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Dolores Olabe neska gazte superpijoa (Miriam Cabezak bikain antzeztuta) lan bila hasi da, Mi querido Klikowsky telesaileko (ETB2, 2005-2009) atal batean, eta BERRIAra deitu du, esateko egunkariko zuzendari kargua hartzeko prest dagoela. «Euskaraz jakitea eskatu ez didate ba!», esan du, gaztelaniaz, telefonoa eskegitakoan, haserre.

Euskara «menderatu» ez arren hala dio ETBko erredakzio kontseiluak, Andoni Aldekoa izendatu du Eusko Legebiltzarrak EITBko zuzendari nagusi. BERRIA baino inklusiboagoa izan da, beraz, EITB. Euskara baztertu du, baina euskaldunak ez, euskaldunak nor bere inguruko erdaran bikain moldatzen garen poliglota zorte handikoak baikara. Euskara? Zertarako?

Izan da EITB —zehazki ETB— kritikatzeko beste motiborik egunotan. «Euskal Herriaren zati bat itxi zuten atzo, baina Teleberri-an, ez duzu horren berri edukiko. Frantzia itxi dutela bai...», salatu zuen @ikerlaps txiolariak ostegunean, ETBk Ipar Euskal Herria konfinatzeko aginduaren berri emateko modua kritikatuz. Biharamunean, Joseba Argiñano honela mintzatu zitzaion Amaia Kastorene sukaldari baigorriarrari ETB1eko Sukalerrian saioan: «Badakit zu frantsesa zarela, eta han gozogintzan oso aurreratuta zaudetela. Nik maisu bat izan nuen han, Thierry Bamas, Angletekoa». AEBetako bozei buruzko informazioari dagokionez, beti bezala, ETB2ko eskaintza ETB1ekoa baino oparoagoa da. ETB2ko Atrápame si puedes lehiaketako erreferentzien espainiartasun nabarmena salatu zuen atzo @Zappingzaleak...

ETBtik kanpo ere bada zer kritikatu. Zuzeu albistegi digitalaren bidez jakin nuen La Resistencia saioan (Movistar Plus) David Broncano aurkezle mediatikoak Jone Laspiur aktore eta musikari donostiarra elkarrizketatu zuela. Ikusi eta harrituta geratu nintzen aurkezleak jarritako solasgaiekin: Urumea ibaia, patineteak, bizikletak, maskarak... Zinemaz eta musikaz, ganorazko ezer ez. Egia da gaur egun aktoreak futbolarien pare jarrita daudela beren adierazpenetan: «Oso giro ona izan dugu taldean», «filma entretenigarria da baina pentsarazi ere egiten du»... Baina Laspiurrek horrelakoak esateko aukerarik ere ez zuen izan.

Eta amaitu dut artikulua. Telebista kritikari hasi nintzenean, inork ez zidan esan... hain erraza izango zenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.