Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

'Ixa' mundu zehar bidaiatzen ari da

2020ko azaroaren 25a
00:00
Entzun
Bilboko Seriesland jaialdian euskal websail onenaren saria irabazi eta Alemaniako Die Serieale jaialdian lehiatu ondoren, nazioarteko hainbat jaialditan parte hartzeko hautatu dute Ixa. Euskarazko lehen websail bertikala edo app-websaila da, egileek aurkezterakoan adierazi zutenez. Formatu bertikalean grabatua baita, eskuko telefonoan ikusia izateko (Zut eta Ttap aplikazioetan), ordenagailuan ere ikus badaiteke ere, jakina (hainbat tokiko aldizkariren webguneetan).

Mondragon Unibertsitateko Ikus-entzunezko Komunikazio Graduko 4. mailako «Formatu eta eduki berriak sortzea» moduluko ikasleek sortu dute Ixa. Tabakalerako 2deo Euskarazko Ikus-entzunezko Laborategiaren, Gaztezulo-ren eta Goiena Komunikazio Taldearen bultzada jaso dute egileek lan hau sortzeko eta zabaltzeko. Sei atal independente ditu —bakoitza bere izenburu zein baino zein misteriotsuagoarekin: Prós?pon, 2txek, Nala, Pozikcall, Tumatxa eta Oroitzapen hautatua—, eta gizartearen eta teknologiaren arteko harremanek presentzia handia dute denetan. Aktoreei dagokienez, amateurrak eta profesionalak aritu dira elkarlanean; azken horien artean, Olatz Beobide, Kepa Errasti, Amaia Lizarralde eta Patxi Santamaria daude.

Azalpen luze eta korapilatsu samarra eskatzen du Ixa aurkezteak, eta akaso nik egindakoa ez da oso argigarria, baina kontua da merezi duela atal guztiak ikustea. Oso gaur egungoak eta etorkizun hurbilekoak diren hainbat gai kezkagarriri buruzko eszena esanguratsuak aurkezten dituzte: sare sozialekiko menpekotasuna eta haien erabilera arriskutsuak, lanaren kontrol erabatekoa, immigrazioa... Gai horiei buruz erantzun garbirik gabeko galdera interesgarriak planteatzeko, egoera paradoxikoak, absurdoak, ezustekoak, muturrekoak, eroak eskaintzen ditu Ixa-k, ez beti errealistak baina bai errealitateari —eta errealitatearen gaur egungo alderdi kezkagarri batzuei— estu lotuak.

Ziurtzat jo daiteke harrera ona izango duela Ixa-k parte hartuko duen nazioarteko jaialdietan, Galizian, Errusian, Asian... Ea bada albiste onen iturri izaten jarraitzen duen. Bien bitartean, hortxe daukazu, zeure eskuan, edo patrikan edo mesanotxeko tiraderan gordeta, nahi duzunean ikusteko moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.