Juan Luis Zabala
EKOGRAFIAK

Ulrich lurralde hermetikoan

2021eko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Ia denari buruz inoiz baino informazio gehiago dugu eskura, baina badira salbuespenak, oraindik ere misterio kutsu lanbrotsua gordetzen duten errealitateak. Horietako bat Ipar Korea da, herrialderik hermetikoena, diotenez, diktadura beldurgarri baten ezkutalekua.

Ezagutza falta horrek egiten du erakargarri The Mole: Undercover in North Korea (Satorra: isilpean Ipar Korean, 2020; Filminen ikusgai El infiltrado izenburuarekin) bi kapituluko telesail dokumentalaren argumentua: dokumentalaren zuzendari Mads Bruggerrekin horrela adostuta, Kopenhageko sukaldari aurre-jubilatu bat, Ulrich Larsen, bere herrialdean dagoen Ipar Korearen aldeko talde batean sartzen da, talde horretako buruen konfiantza eskuratuz Ipar Koreara joateko aukera izateko asmoz, han herrialdeari buruz ikertzeko eta, ahal izanez gero, dokumentalerako irudiak hartzeko. Hau da, sator moduan espioitza lanak egiteko.

Sator lana bikain eginez, eta enpresari aberats eta ustelaren rola egiteko prest dagoen laguntzaile batekin, Ipar Koreako erregimenak armen eta drogen trafikoan duen jokabidea ezagutzeko eta filmatzeko aukera izango du Ulrichek. Trafiko hori antolatzeko bileretan ezkutuan hartutako irudiak dira dokumentalaren altxor nagusia. Agintari korearren konfiantza irabazi ahala, gero eta bilera garrantzitsuagoetan hartuko baitu parte gainera satorrak.

Dena esateko, ordea, zaila egiten da dokumentalak kontatzen duen guztia sinestea. Azalpen labur bat ematen bada ere, ez da ondo ulertzen Ulrichen motibazioa, zergatik eman dituen bere bizitzako hamar urte familia bazter utzita eta behin baino gehiagotan hiltzeko arriskua hartuz. Horrez gain, batzuetan oso harrigarria gertatzen da hainbeste irudi esanguratsu lortu izana hain zorrotz zaindutako bilera sekretuetan. Bilera horietan parte hartzen duten Ipar Koreako ordezkariek Ulrichekin eta haren lagunarekin duten konfiantza ez da irensten erraza.

Sinesgarritasun kontuak alde batera utzita, dokumentalaren ahulezia nagusietako bat da ez duela Ipar Koreako herritarren egunerokotasunaren irudirik eskaintzen, bileraz bilera baitarama ikuslea, kalea ia-ia ikusi ere egin gabe. Hori, ordea, ez da dokumentalaren egileen akatsa, munduko herrialderik hermetikoenean filmatzearen ondorio baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.