EKOGRAFIAK

Sarearen arriskuak

Amaia Garcia.
2022ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Teknologiak abantaila asko ekarri dizkio gure egunerokoari, baina berritasun guztiek abantailak eta desabantailak dituzte. Sare sozialak aktibismorako erangikorrak dira askotan, baina, batzuetan, jazarpena sufritzeko tokia izaten dira. Jazarpen hori publikoa izan daiteke Twitter bezalako sareetan, baina kasu batzuetan pribatua izan daiteke; adibidez, Whatsappen edo Instagramen.

#Martyhilda websail txekiarra ikusgai izan dugu Eitb.eus atarian eta ETB1en aurreko astean. Bertan, protagonistak, Facebook bitartez xantaia eta jazarpena jasan ostean, bere buruaz beste egiten duela ikusi dugu. Websail horrek sare sozialek eragin dezaketen alde negatiboena erakutsi digu, eta oso interesgarria iruditu zait ikusteko aukera eduki izana. Websail horrekin bat, EITBko kate guztietan gai bera jorratu dute. Besteak beste, Ur handitan saioak matxismoa sarean nola zabaltzen den erakutsi digu. Bertan, sare sozialetan presentzia handia duten gazteekin bildu dira, eta haien egunerokoa jaso dute. Saio horretan argi geratu da emakumeek sare sozialetan jasaten dituzten eraso ohikoenak beren gorputzaren kritiken inguruan izaten direla, eta, horrez gain, zakilen argazkiak jasotzea. Bi eraso horiek gizarte matxistaren isla dira. Hori amaitzeko, hezkuntza feminista proposatu dute saioan.

Sare sozialak gizartearen isla dira, eta gizarte matxista batean bizi baldin bagara, sareetan ere matxismoarekin topo egingo dugu, zoritxarrez. Horren aurka zer egiteko bideak guztien artean bila ditzakegu, baina oso zaila ikusten dut eraso horiek gabe bizitzeko aukera izatea. Horregatik, horrelako egitasmoek balio garrantzitsua dute erasoen aurrean zer egin jakiteko. Autodefentsarako informazioa ezinbestekoa da, eta EITB taldeak tresna oso baliagarriak jarri ditu bere webgunean. Go!azen eta Irabazi arte! telesailetako aktoreek ziberjazarpenaren inguruko aholkuak eman dituzte, eta uste dut askok eskertuko dituztela horrelako aholkuak.

Gaia jorratzea ezinbestekoa iruditu zait, baina pena eman dit fikziozko edukia itzulpen bat izana. Telesaila gustatu bazait ere, bertako produkzioa izatea faltan sumatu dut. Euskal fikzioa kontzientzia sortzeko oso baliagarria izan daitekela uste dut. Ea beste batean EITBk horrelako opari bat egiten digun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.