Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Zelenski irabazle

2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Geopolitikak erabaki zuen Eurovision jaialdiko irabazlea. Urtero legez, Europako herrialde guztiek beren hautagaia aurkeztu zuten, eta bazekiten Ukrainaren aurka gutxi egiteko zegoela. Jaialdi horrek zaleen fenomeno itzela du bere atzetik, batez ere gizon homosexualen artean. Urte askoan, nire lagun batzuek bere etxera gonbidatu izan naute jaialdia ikustera, Txapeldunen Ligako finala izango balitz bezala. Aitortu behar dut ia nahiago dudala futbol partida bat ikusi, baina, azkenean, garagardo batzuekin lagun artean egotea beti da atsegina.

Aurten ez dut jaialdia ikusi. Jaialdiaren zaleak diren lagunak bidaian zeuden, eta larunbatean sofaren aurrean lo geratu nintzen telesail batekin. Ostiralean ezagun batek esan zidan Eurovisioneko zita ezinbestekoa dela berarentzat eta kristoren festa antolatu zuela etxean. Bere kutuna Chanel zen, baina argi zuen bere botoa Ukrainako hautagaiarentzat izango zela. Haien abestia ez zuen ezagutzen, baina ez zuen behar bere botoa aukeratzeko.

Eurovision jaialdiaren antolatzaileek Errusiaren parte hartzea debekatu zuten otsail amaieran. Errusiak gerra hasi zuenean erabaki hori hartu zuten antolatzaileek. Bitartean, beste gatazka batzuk dituzten herrialdeek lehiaketan parte hartu dute: besteak beste, Israelek, Armeniak eta Azerbaijanek gatazka armatuetan jarraitzen dute.

Ikuskizunak aurrera egin behar zuen, Espainiakoak Chanelen alde jartzen ziren bitartean, Europa osoa Ukrainaren alde jarri da. Arrakasta hori ulertzeko, publikoaren botoan arreta jarri behar da. Publikoaren artean, seguruenik Ukrainako errefuxiatu asko egon daitezke. Bozketan bakoitzak bere herriko hautagaia ezin duela bozkatu kontuan hartu behar da. Errefuxiatuez gain, publikoak Ukraina pairatzen ari den gerrarekin kontzientzia hartu du, eta horrek garaipena eman dio.

Garaipen horrek eragin gutxi izan dezake gerraren jarraipenean, baina Zelenskik biziki ospatu du garaipena. NATOko idazkari orokorrak garaipenarengatik zoriondu du Ukraina. Jaialdia irabazteko hautagai on bat izateaz gain, geopolitikaren garrantzia beti kontuan hartu behar da. Hurrengo urtean jaialdia non egingo den jakitea zaila da oraindik, baina beste herrialdeek beraien estrategia politikoa zorroztu beharko dute irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.