Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Norma Jeane

2022ko urriaren 4a
00:00
Entzun
O ,Marilyn, Marilyn. Denok zure bizitzaren inguruan hitz egin dugu. Itoitzek ere zure inguruko abesti bat egin zuen, baina gutxik utzi dizute zure istorioa kontatzen. Netflixek zure bizitzaren inguruko film bat egin du. Veneziako eta Donostiako zinema jaialdietan ikusi da pantaila handian bakarrik. Zuk egindako filmak zinema aretoetan ikusi ziren, baina Andrew Dominikek zuzendu duen filma pantaila txikian estreinatu dute. Zinema areto gutxitan ikusi da lan hori, eta kritika asko jaso ditu azken egunetan.

Zure irudia Ana de Armas aktoreak landu du. Zu irudi bihurtu zinen, eta hori da filmak erakusten duena. Zure irudia mutu egin zuten, eta erabakitzeko aukera kendu zizuten. Filmak istorio hori kontatu nahi du, baina ez du zure ahotsa aurkitu. 1950eko hamarkadan saldu ziguten irudi berbera errepikatu dute lan horretan.

Zure bizitzaren une traumatikoenak kontatzen ditu, eta zure aitaren falta azpimarratzen da une oro. Zuzendariak zure aitaren faltaren ondorioz gaizki zeundela esan digu ia hiru ordu irauten duen film honetan. Ama izan nahi zenuela azaltzen da, eta amesgaizto moduan agertzen dira sufritu zenituen abortuak. Bortxaketak sufritu zenituen, eta horrek maitatzeko aukera zaildu zizun.

Pena handia ematen dit zu bezalako artista baten biopic bat ontzen saiatu eta halako film zatarra egin izanak. Zure benetako izena gutxik erabiltzen zuten, gehienek Marylin Monroe bezala ezagutu zintuzten, baina zu hori baino gehiago zinen. Norma Jeane zinen, eta film honetan zure ilearen koloreari garrantzia eman diote bakarrik. Emakume ilehoriak inozotzat hartu dira gizarte matxista honetan. Zuri ere kategoria horretan jarri zintuzten, baina ez zinen batere inozoa. Filma Blonde izendatu dute, zure gainazalean geratu dira eta zure esentzia ez digute erakutsi.

Lan hau telefilm bat dela adierazi dute askok. Arrazoi pixka bat badute horretan. Telebistarako egiten diren filmak larunbat eta igande arratsaldean emititzen dira. Blonde munduko telebista askotan ikusi da azken egunotan, eta ziur nago asteburuan bazkalosteko plana izan dela askorentzat. Asteburuko ajetik idazten dizut, film hau ikusi ostean geratu zaidan sentsazio latzetik. Itoitzek kantatzen zuen bezala:

...O, Marilyn, Marilyn

Larrosa eta klabelin

Ximeldu da hire oroimena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.