EKOGRAFIAK
Dirua
Diruak buruko min handiak sortzen dizkigu. Hilabete amaierara iristeko zailtasunak biderkatzen ari dira azken hilabeteetan. Energiaren prezioa, janariaren prezioa eta interesen balioa handitu egin dira. Faktore ugari daude horren atzean, baina gaur ez dut horietan sartu nahi. Soldatak berdin mantentzen diren honetan, inflazioa gizartearen poltsikoak hustearen errudun zuzena da. Kalean erosketa egiteko buruhausteak dauden honetan, erakunde publikoak aurrekontuak aurkezten eta onartzen ari dira.
Aurreko astean, EITB taldearen aurrekontuen berri jakin genuen. EITBren 2023ko aurrekontua 198,8 milioi eurokoa izango da, eta aurtengoak baino 21,4 milioi euro gehiago izango ditu. Zenbaki hain handi horiek ulertzea zaila egin zait, eta uste dut gizartearen gehiengoa nire antzera egongo dela. Diru horri esker, azken hilabeteetan hainbeste entzun dugun Primeran plataforma sortuko dute. Zehazki, 3.530.000 euro behar izango dira plataforma aurrera eramateko eta hartan ikusiko diren edukiak sortzeko. Gogo handia dut plataforma hori martxan ikusteko eta hainbeste promestu dizkiguten edukiez gozatzeko. Euskarazko edukien garrantzia zein izango den ikusteko dago oraindik.
Aurreko astean, Maddalen Arzallusen bertsoen inguruko zentsura kasuan zer gertatu zen argitu zen. Zoritxarrez, ez da hedabide publiko batean gertatu den lehen zentsura kasua. Bestelakoak izan dira RTVEn eta beste telebista publiko batzuetan ere. Zentsura horren jatorria aztertzea garrantzitsua da. Boterea dutenak edukien oinarrietan sartzen direlako. Kasu honetan, EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak onartu egin zuen erabakia berak hartu zuela. Beste telebista batzuetan zentsura eta desinformazio kasuak alderdi politikoen erabakien ondorio izan dira.
EITBko administrazio kontseiluan aurrekontuak ez ziren onartu EH Bilduren, ELAren eta PPren aurkako bozken ondorioz. Bozketa horrek ez du betorik ezarri, eta azkenean aurrera aterako dira. Erabakiak alderdi politikoek hartzen dituzte, baina, azkenean, aurrekontu horiek posible izateko behar den dirua langileek eta enpresek ordaindutako zergetatik dator. Inflazioak gure bizitzan eragin zuzena duela argi dugu. Aurrekontu horien ondorioz hartu daitezkeen erabakiek gure demokraziaren kalitatean ere eragin dezakete.
Gaiak
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.