KRITIKA. Bideoartea

Irekia eta bizia

Amie Siegel artista estatubatuarraren bideoa ikusteko azkeneko astea da hau. GUGGENHEIM MUSEOA.
2018ko martxoaren 6a
00:00
Entzun

'Winter' (negua)

Egilea: Amie Siegel. Non: Bilboko Guggenheim museoa. Noiz arte: Martxoaren 11ra arte.

Film & Video espazioa, bideoarteari, bideo-instalazioari eta mugimenduan dagoen irudiari eskaintzen zaion espazioa, 2014. urteko martxoan zabaldu zen Bilboko Guggenheim museoan, Christian Marclay artistaren The Clock lanarekin. 103. aretoan dago, eta, urte hartatik, bideoarekin lotutako hainbat sormen prozesu garaikide aurkeztu dira han. Guggenheim museoaren bildumako nahiz kanpoko bildumetako lanak erakutsi dira; besteak beste, puntako artista hauenak: Fiona Tan, Ken Jacobs eta Eija-Liisa Ahtilarenak.

Iazko azaro amaieratik, Amie Siegel artista estatubatuarraren (Chicago, 1974) Winter lana dago ikusgai. 2013. urtean sortutako lan hori Europan aurkezten den lehen aldia da. Artista estatubatuarrak zinema, argazkia, bideoa eta soinua lantzen dituzten instalazioak garatzen ditu, aurrez aurre ipiniz pelikula eta pelikularen sorkuntza prozesuak biltzen dituen egoera edo baldintzak. Bilboko Guggenheim museoan aurkeztutako Winter lana ideia horren adibide garbi bat dela esan daiteke: filma baino gehiago, Siegelek irudia, ahotsa, soinua eta musika biltzen dituen instalazio performatibo bat eraikitzen duelako.

Instalazioaren elementu nagusia bertan ikus dezakegun filma da; era berean, instalazioaren elementu finkoa ere bada. Filmean, inguru galdu batean aurkezten den familia baten irudiak ikus ditzakegu. Erabiltzen dituzten jantziek, bizimoduak eta gaur egungo zibilizaziotik erlikia moduan gordetako hainbat elementuk etorkizun hurbil batean kokatzen gaituzte, nolabaiteko hondamendi nuklear edo ekologikoa jasan duen zibilizazio baten biharamunean.

Ian Athfield arkitektoak Zeelanda Berriko paraje galduetan eraikitako etxebizitza bioformoetan dago filmatuta, eta lanak hondamendiaren ideia azpimarratzen duten hainbat irudi erakusten ditu. Naturan galduta dauden izakiak, garaikideak diren elementuak (komertzioetan saltzen diren elementuak edo egungo animalia disekatuak) eta hondamendiak ekarriko lituzkeenak nahasten ditu.

Elementu finko hori berrinterpretatuz doa erakusten den espazio bakoitzean, soinu, musika edo ahotsaren bitartez, eta filmaren inguruan aldatzen doaz zuzeneko soinu banda, off-eko ahotsa eta soinu efektuak. Horretarako, filma kokatzen den leku bakoitzean, lekua aurkezteaz batera, inguruko zenbait musikari, aktore eta soinu teknikariz osatutako lantalde bat biltzen da. Oraingo honetan, Winter-en zuzeneko aurkezpenek honako hauen parte hartzea dute hainbat emanalditan: Nerea Alberdi (biolina, konposizioa), Ander Sanchez eta Bittor Pastor (txalaparta), Alberto de la Hoz (aretoko efektuak), Antonio Garamendi (ahotsa, konposizioa, sintetizadorea, gitarra, pianoa), Naia Gomez (biolina), Andeka Marina (baxua, konposizioa, sintetizadorea), Fiona McGrath eta Laura Mitchell (kontaketa ahotsa) eta Jeff Murckoren (konposizioa).

Emanaldi horiei lotuta, benetan interesgarria da instalazioa kokatzen den espaziotik kanpo, sarreran, musika gidoiarekin lotzen diren partiturak ikustea, zenbait irudi eta apunteren bitartez garapen horren bertsio bidimentsionala ikus baitezakegu.

Berrinterpretazio horien bitartez, artista estatubatuarrak lengoaia filmikoaren irakurketa berri bat planteatzen du, eta soinuarekin erlazionatutako gidoiaren aldaketek irudi filmikoaren jariakortasuna azpimarratzen dute, une oro irekia gelditzen den artelan bat eraikiz. Prozesu horren bitartez, Siegelek, lengoaia filmikoarekin erabat lotuta dauden praktikak apurtu nahi du, gaur egun behin eta berriro errepikatzen diren horiekin. Apurketa horri esker, artelan ireki bat planteatzeaz gain, benetan interesgarria iruditu zaidan ezaugarri bat pizten du: erakusketa espazio aktibo baten sorrera. Etengabeko eraldaketan dagoen obra bat planteatzen da, eta kokalekuaren arabera lekuko elementu eta partaideen eskutik bizirik dagoen elementu bat eraikitzen, era berean sentipen hori museoaren espazioan zehar zabalduz.

Orain arte, Winterrek hainbat emanaldi izan ditu Bilbon: iazko azaroaren 23an eta 24an;abenduaren 1ean, 8an eta 15ean;otsailaren 2an, 9an eta 16an; eta martxoaren 2an. Artelana kendu aurretik, zuzenean pieza bikain horrekin gozatzeko azken aukera ostirala izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.