Donejakue bidea: prestatzea, derrigor

Jende ugarik egiten du Donejakue bidea udaberrian, eta beste askok heltzear diren opor garaiak aprobetxatzen dituzte abiatzeko. Komeni izaten da gutxieneko kontu batzuk prestatzea eta kontuan hartzea, bidea ahalik eta erosoen egiteko: garrantzitsuena, fisikoki prestatzea.

Erromesak. Donejakue bideko herrietan ohituta daude erromesekin, urteko edozein garaitan; argazkian, Gares. IDOIA ZABALETA / @FOKU.
Maialen Unanue Irureta - Iker Tubia
2019ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Donejakue bidea pasatzen den herrietan ohituta daude irudi honekin: erromesak bizkar zorroa hartuta, bide bazterretik oinez, makila eskuan. Urte guztian izaten dira, gutxiago edo gehiago, eta denetik dago: kirolari petoak eta ariketa fisikora hain ohituta ez daudenak. Denei balio dien aholku bat badago, ordea, bidea askotan egin dutenek esaten dutenez: prestatuta joatea komeni da, eguneko kilometro asko egiten dira eta.

«Ez da Kontxako paseoa», nabarmendu du Ioseba Izagirrek: 11. ibilaldia amaitu berri du, eta eskarmentu handia du bidea egiten eta joan aurretik prestatzen. Badaki zer den beharrezkoa eta zer dagoen sobran bizkar zorroan, edo zeintzuk izan daitezkeen bidea prestatzeko egin beharreko lanak. «Jendeak ez dio garrantzirik ematen fisikoki prestatzeari, baina prestatu egin behar da».

Fernando Imaz ere iritzi berekoa da; «makina bat aldiz» egin du, eta Donejakue Bidearen Lagunen elkarteko kidea da. «Maratoi bat egitea bezalakoa da bidea egitea: prestatu egin behar da fisikoki, 20-25 kilometroko etapak baitira». Horrek soilik ziurta dezake, Imazen ustez, bideaz disfrutatzea. Azaldu duenez, garai batean, bi orduko bilerak egin ohi zituzten erromesekin elkartean, aholkuak emateko: gaur egun, ordea, galdu egin da hori.


Kontuan hartzekoa da bidea urteko zein garaitan egingo den, arropa egokienak eramateko. I. Zabaleta / Foku

Hasteko, Izagirreren ustez, 750 kilometroak osorik edo zatika egin erabaki behar da. Azaldu duenez, garrantzitsua da nork bere gaitasunen arabera planifikatzea bidea: «Hobe da zatika egitea, bi-hiru urtean: bidea disfrutatzeko dago, eta ez leher eginda ibiltzeko». Haren esanetan, hobe da nork bere gaitasunak neurtzea, beste ezeren aurretik: «Pentsatu behar duzu zer egiteko gai zaren, eta gero zenbatean egingo duzun: ezin duzu pentsatu 'hainbeste egun dauzkat eta hasi eta buka egin beharra daukat'». Komeni da egun bakoitzeko etapak gida bat hartuta antolatzea, gutxi gorabehera. Abiatu aurretik ez ezik, etapak bezperan ere antolatu behar dira, Imazen ustez, ondo prestatzeko. Horrez gain, komenigarria izaten da geldialdiak bidean ikusi nahi denaren arabera egitea; hala, etapa bukatzean, lekuak ezagut daitezke.

Materiala prestatzea izaten da hurrengo pausoa. Izagirre «oso maniatikoa» da horrekin: erronkak jartzen dizkio bere buruari, bidea aldi bakoitzean denbora gutxiagoan egiteko. Urrezko arau bat du, denentzat balio dezakeena: bizkar zorroan zenbat eta pisu gutxiago, hobe: «Behar duzun guztia ohe gainean jarri, eta kendu erdia». Imaz ere iritzi berekoa da: zenbat eta arinago, hobe. «Bizkarrezurra gorputzaren %10 jasateko egina dago: 60 kilo pisatzen baduzu, eta 15 kiloko motxila batekin bazoaz, gehiegi behartzen ari zara». Alegia, ez dela beharrezkoa etxeko armairua bizkarrean eramatea, «badaezpadako gauzez» josita. «Bidea normal egin behar duenari aholkatuko nioke oinez ibiltzeko behar duen arropa eta kamiseta bat eramateko, ez gehiago: gero eta garbigailu gehiago daude bidean, eta, bestela, eskuz garbi dezakezu arropa», esan du Izagirrek.


15:00ak alderako iristea komeni izaten da, lo lekua ziurtatzeko. I. Zabaleta / Foku

Horrekin lotuta doa jan-edanena. Izagirrek eta Imazek oinarri-oinarrizkotzat jotzen dute ura eta janaria aldean eramatea; neurrian, noski. «Jateko beti eramaten dut zerbait, flakiak joz gero, badaezpada; fruitu lehorrak, normalean». Bi-hiru ordutik behin jatea komenigarria da, Izagirreren ustez: horregatik, geldialdiak egiten ditu, kafesne bat hartzeko, pintxo bat, edo dendaren batean jogurt bat erosteko, esaterako. Bestelakoak ere izan daitezke, Imazen esanetan: ogia, gazta, txorizoa, fruitu lehorrak, txokolatea... «Leku askorik hartzen ez duen eta oso baliagarria izan daitekeen edozer eraman dezakezu».

Ibili ahala ura edatea ere oso garrantzitsua da, Imazen esanetan. «Nekea, batik bat, hidratazio faltagatik sortzen da: ura ez da edan behar egarria daukazunean soilik, iturri bat ikusten duzunero baizik». Urteko garaiaren arabera, ur beharra desberdina da, eta hori ere kontuan hartu behar da.

Baselina, oinen lagun

Oinak zaintzea ere oso garrantzitsua da Donejakue bidea egitean. Egunero galtzerdi garbiak jartzea eta baselina erabiltzea aholkatu du Imazek, baita arretaz jokatzea ere: gorriuneren bat ikusi orduko, babesgarriak erabiltzea, babak saihesteko. Izagirreren nezeserrean ere beti dago baselina pote bat: oinez hasi aurretik eta dutxatu ostean ematen du pixka bat. Azkeneko ibilaldian oinetakoak estaltzeko balio duen babesgarri bat probatu du, eta oso gustura gelditu da: «Harriak eta hautsa sartzea eragozten du, eta sekulako asmakizuna da». Azaldu duenez, batzuetan hauts zuri urratzaile bat izaten da bidean: «Urratuak egin ditzake, eta oso gaizki pasatu dezakezu».


Ikurrina hartuta Santiago de Compostelako Obradoiro plazan. I. Izagirre

Ibilbide luzea da, eta egunero lo egiteko tokia aurkitzea beharrezkoa da. Horretarako, aukera asko izaten da. Dena den, erromesendako aterpeak erabiltzen dira gehien. Beharrezkoa da aldez aurretik tokia gordetzea? Erantzuna faktore askoren menpe dago. Dena den, lehenbizi aterpea publikoa edo pribatua den ikusi behar da. Publikoetan ezin da tokirik gorde, eta pribatuetan, normalki, bai.

Orreagan (Nafarroa) komenigarria da, garaiaren arabera, tokia gordetzea. Neguan aterpe asko itxita daude; beraz, komenigarria da, «masifikazioarengatik», Marisol Goikoa Orreagako aterpeko arduradunaren esanetan. Hala ere, ez dituzte ohatze guziak gordetzen. «Gure aterpean ohatze kopuru bat gordetzen dugu soilik, eta gainerakoak erromesak ailegatu ahala eskaintzen ditugu». Betetzen denean, herriko beste ostatuetara edo hurrengo herrietara bideratzen dituzte.

Izagirre haserre samar dago horrekin, erromes askok «hotelera joatea bezala» hartzen dutelakoan. «Azkenekoan, lau pertsona ikusi nituen motxilarik gabe iristen, eta zuzenean sartu ziren, aurrez deitu zutelako: imajinatu norbait beranduago iristen dela motxila bizkarrean hartuta; ez badago lekurik, zer?». Bada araudi bat Imazek berak, esaterako, gustuko ez duena: oinezkoei lehentasuna ematen diena, bizikletaz edo zaldiz egiten dutenen aurretik. «Azken orduan datorrena izaten da okerren iristen dena, eta berandu dator gaizki pasatu duelako egun hori: txirrindulariei arau hori jarriz gero beti, ez lituzkete inon hartuko».

Garesko (Nafarroa) Puente aterpean ez da arazo handirik izaten tokia lortzeko. Bertako harreran lan egiten du Susana Crucesek, eta zenbait aholku eman ditu. Maiatza eta ekaina dira jende gehien joaten den garaia, eta hilabete horietan gerta liteke tokirik gabe gelditzea. Bestela, ez da arazorik. Logela pribatuak aldez aurretik gordetzea komeni da, hori bai. Adibidez, jende askorekin lo egiteko zailtasuna duen jendeak horrelako logelak bilatzen ditu. «Horiek dira betetzen diren lehenbiziko logelak».

Donostian, aterperik ez

Gerta liteke egoerak gainezka egitea, baina hori salbuespenezkoa dela azaldu du Goikoak. Maiatzaren 1ean hori gertatu zen Orreagan. Ez zuten tokirik hainbeste erromes hartzeko; beraz, hiru kilometrora dagoen Auritz herriko (Nafarroa) frontoia lotarako toki bihurtu behar izan zuten. Garesen ere gertatu da noizbait halakorik, baina horrelakoetan Orreagan jarraitutako bide berari segitzen diote: erromesak inguruko herrietara bideratu, eta, azkenik, beharrezkoa balitz, frontoia erabili. «Aurten ez zaigu halakorik pasatu: gerta liteke, baina oso-oso gutxitan pasatzen da», azaldu du Crucesek.


Ioseba Izagirre, aurten erabilitako motxilarekin. Jon Urbe / Foku.

Aurten bidea egiten dutenek kontuan hartzeko abisua eman du Imazek: erromesek ez dute non lo egin izango Donostian. «2006az geroztik, espazioak inprobisatuz gabiltza, eta aurten ez dugu espaziorik izango: izugarrizko arazoak sortuko ditu erromesentzat». Iaz, 3.800 lagunek erabili zuten uztail-abuztuan Donostiako aterpea, eta aurten aurreikusia zuten beste hainbestek erabil zezaketela.

Aterpera 15:00ak aldera iristea izaten da onena. Beranduago ailegatzen direnek hobe dute abisatu, eta, kasu horretan, logela erabiliko dutela ziurtatzeko neurriak hartu. «Batzuetan, soilik hitzez gordetzen dute tokia: 18:00etan ailegatzen dira, eta baliteke lekurik ez egotea ordurako. Haserretu ohi dira, baina ezin gara esperoan gelditu». Ez dute luzaz itxaroten ziurtatzeko toki guztiak beteko direla.

Bada aterpeentzat kaltegarria den beste afera bat: erromes batzuek bi tokitara deitzen dute aldi berean, tokia segurtatzeko, eta bietako batean huts egiten dute. Ez da praktika oso zabaldua, baina horren kalteez ohartarazi du Crucesek. «Hemen 40 toki ditugu: egunero 2-3 hutsik geratzen bazaizkigu, arazo bat da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.