Amaia Garcia.
EKOGRAFIAK

Emakume elektronikoak

2022ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Musika elektronikoak iraultza bat suposatu zuen musikarentzat. Jendea erritmo berriekin dantzan hasi zenean batez ere. Horrek kluben kultura piztu zuen hiri askotan, eta gauak beste erritmo bat du ordutik. Musika horren sorkuntzaren atzean emakumeak zeudela, aldiz, ez da ezaguna egin. Musika elektronikoaren egileetan pentsatzen badugu, gizonak etorriko zaizkigu burura; baina musika elektronikoa sortzeko lehen aparatuak erabili zituzten pertsonak emakumeak izan ziren. Horiei buruzkoa da Sisters with transistors (Filmin) dokumentala.

Inoiz ez dut pentsatu nola sortzen diren musika elektronikoan entzuten diren doinuak, baina dokumental honetan argi geratzen da emakume horiek nola lan egiten zuten. Beren inspirazioa kalean zegoen, musika egin zuten II. Mundu Gerran entzun zituzten sirena soinuekin, portuetako zaratarekin edota trafikoak egunero sortzen duen burrunbarekin. Soinu horiek grabatu edota simulatzen zituzten, teknologiaren bitartez. Bere garaiko teknologia berriari probetxua atera zioten, eta haren bitartez soinu berriak lortu zituzten. Askok ez zela musika esaten zuten, eta horregatik bazterrean geratu zen emakume horien lana. Musika kritikarientzat musika partituretan zegoen, eta instrumentu klasikoak erabili behar ziren. Aurreiritzi hori apurtu zuen Clara Rockmorek. Biolina utzi zuen theremina jotzen ikasteko. Aparatu berri hori nola erabiltzen zen ikasi ostean, kontzertu ederrak eman zituen. Partituretako mundu akademikoa gizonez beterik zegoen; paradoxikoki, musika elektronikoaren hastapenetan emakumeak zeuden.

BBC irrati katean estudio bat antolatu zuten, baina kateak ez zuen gustuko bertan egiten zen lana. Doctor Who telesaila telebistara iritsi zenean, Delia Derbyshire bertan zegoen. BBCko estudioan egin zen abestia, eta musika elektronikoa lehen aldiz erabili zen telebistarako. Arrakastatsua izan zen abestia, eta musika elektronikoarentzat gertaera oso garrantzitsua izan zen.

Etorkizuneko soinuak ziren. Historiako pasarte okerrenak hartu, sintetizatu eta askatasun soinuak sortu zituzten emakume haiek. Beraien lana gutxik ulertu zuten hasieran, baina pixkanaka telebistan eta filmetan doinu horiek entzuten hasi ziren. Gaur egun, musika elektroniko gabeko mundua ezingo genuke ulertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.