KRITIKA. Artea

Memoria, denbora eta espazioa

Marie Sommer artistak Bilbo Arte aretoan zabaldu duen erakusketako irudi bat. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
2015eko irailaren 22a
00:00
Entzun

'Surfaces'. Marie Sommer

Non: Bilbo Arte. Noiz: Irailaren 25era arte.

Bilbo Arte lantaldeak erakusketa oso interesgarriak antolatu ohi ditu egoitzako beheko aldean gordetzen den erakusketa aretoan, eta aurkeztu duten azken proposamena ez da salbuespena. Askotan aipatu dudan bezala, areto honetako programa, kanpotik ekarritako proposamen batzuez gain, orokorrean aurreko urtean arte produkzio zentro honetako artista egoiliarren proiektuz osatzen dute; benetan prozesu aberasgarria bai artistarentzat, bai hiriarentzat.

Marie Sommer 1984an jaio zen, Parisen, eta Arlesko (Frantzia) Goi Mailako Argazki Eskolan eta Parisko Goi Mailako Dekorazio-arte Eskolan egin zituen ikasketak; ordutik artearen munduan ibilbide oparoa garatu du. Besteak beste, haren lana Parisen (Le Bal), Dublinen (PhotoIreland), Kyoton (Kyoto Art Center), Madrilen (PhotoEspaña / Matadero) eta Essenen (Pact Zollverein) aurkeztu dute. Sommerren azken erakusketa Bilbo Arteko aretoan aurkeztu zaigu: Surfaces izenburupean, harria eta haren irudikapen ezberdinen bitartez memoriaren zuloan galtzen gara.

Artista frantziarrak aurkeztu duen proiektuak harrizko eraikuntza edo hainbat motatako harri multzoen bitartez lurralde espainiarretik japoniarrerako ibilbide bat eraikitzen du, Asturias eta Kantabriako paisaiak edo Markinako harrobia zeharkatuz. Harria ardatz harturik, Sommerrek argazki, bideo-lan eta grabatu multzo bat aurkezten digu, harriaren memoriaren kontzeptuan murgilduz gizakiak denbora eta espazioarekin dugun harremanaren ikuspuntu sakon bat landuz, gizarteak bere kultura eta identitatean garatzeko dituen baliabideen aztarna bat utziz. Aztarna hori memoriarekin nahasten da, eta erakusketak harreman honen esparru ezberdinak aurkezten dizkigu.

Gizakiaren aztarnarekin loturik, artxiboaren kontzeptua barneratzen da erakusketan, kontserbazioa, oroitzapen ospakizuna eta monumentua nahasten direla. 1937an bonbardatu zuten Belchiteko herriaren (Espainia) artxiboen ikerketan kokatzen da proiektuaren hasiera: erakusketa sarreran bertako hondakinen argazki bat aurkezten zaigu, elizarena zehazki, eta aurrean gertaerarekin lotutako dokumentazioa ikus dezakegu. Erakusketaren amaiera Hiroshimako leherketa nuklearrarekin lotzen da, eta hiri hartan zutik iraun zuen harrizko eraikuntza bakarraren inguruko bideo-lan bat ikus dezakegu, aurrean dagoen ibaiaren islaren bitartez eraikitzen den irudia. Hala, aztarna hauek elementu politiko bilakatzen dira, memoria kolektibo baten ikur bezala aurkeztuak.

Memoriaren beste ikuspegiak gizakiak lurra eta harriarekin duen harremana azaleratzen du, aztarna natural edo planetario batekin lotutakoa. Izakia sortu baino lehen egon denaren eta hura desagertu ondoren geldituko denaren aurrean sortzen zaigun txikitasuna, gure historiatik at gelditzen denaren ideia lausotua. Sentipen hori argi geratzen da artistak Markinako (Bizkaia) harrobian, Aragoiko kobazuloetan edo Kantabria nahiz Asturiasko paraje naturaletan egindako argazkietan, memoriaren bidetik gizakitik harago dagoen historia aurkeztuz. Formatu ertain eta txikikoak dira, eta multzo ezberdinetan aurkezten zaizkigu. Bereziki interesgarriak, alde batetik, euskal harrobiaren inguruan sortutako triptikoa, lurrean eta paretaren kontra bata bestearen gainean ezkutatzen direnak; bestetik, paraje ezberdinetan oinarritzen diren hamar argazki txikiko multzo bat, guztiak ikusgarriak.

Denboraren eta espazioaren arteko harreman hori bereziki interesgarria iruditu zait erakusketa osoan. Politikarekin harremanetan jartzen den aztarna, espazio konkretu batean kokatzen dena, denboraren ulerpen zikliko baten bitartez ulertzen da, urtea joan, urtea etorri behin eta berriro oroitzen den giza gertaera. Naturarekin harremana duten artelanek berriz definitu gabeko denboraren ideiarekin lotzen dira, lurra eta naturaren bizitzan geldirik diharduen harrian irudikaturik. Horrela, naturan galdutako harri hauek sakratu egin diren espazio bilakatzen dira, kosmosaren sorkuntzara garamatzaten istorioak sortuz, mito edo mitologiaren oinarriak direnak.

Azkenik, eta nola ez, artearen aztarnaren inguruko gogoeta dator, erakusketa honetan aztarna hauek artelan moduan aurkezten baitzaizkigu, aztarnaren inguruan sortzen diren aztarna berriak sortuz. Artea gizakiak sortutako kontzeptu bat izanik, horren existentziarekin lotzen da, artearen historia bat ere garatu delarik. Baina, gizakia desagertuko balitz, zertan geldituko litzake arte hau? Argi dago objektu hauek historia konkretu baten barruan interpretatuko lituzketen izakirik gabe ingurua eta naturarekin bat egingo luketela, monumentu izaera galdu eta planetaren historiaren parte bilakatuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.