KRITIKA. Artea

Alferrikako deia

2015eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Gao XingjianNon: Kutxa-Kubo aretoa. Donostia. Noiz arte: Urtarrilaren 3ra arte.

Donostiak 2016an izango duen europar kultura hiriburutzari bidea eginez, urriaren 16tik ikusgai dugu Gao Xingjian artista txinatarraren erakusketa, Kutxak Zurriolan duen Kubo aretoko erakustokian. Idazle alorrean ezaguna izanik (Nobel saria jaso duen lehen idazle txinatarra izan zen), honako honetan argazkigintza, zinemagintza eta pinturaren alorretan egin duen ibilbidearen berri ematen zaigu, haren editore Miriam Teyk eta Chus Roig galeristak komisariatutako erakusketa honen bidez.

Artistak emandako elkarrizketa eta hitzaldien inguruko informazioa irakurtzeko parada izan dut, eta horietan gaur egungo kulturaren inguruko ideia interesgarriak zabaltzen dira, alde batez, erakusketaren izenburuarekin zuzenki lotutakoak. Xingjianen esanetan, bizi dugun krisi ekonomikoaz gain, pentsamenduaren eta gizartearen krisi sakon batean murgilduta gaude, oraindik XX. mendeko ideologiei loturik. Hori dela eta, gizarteak beste pizkunde garai bat behar duela aldarrikatzen du, mundu guztiko intelektualen bultzadarekin lortuko den aldaketa. Horrela, ez da harritzekoa erakusketak aurkezten duen izenburua: Pizkunderako deia. Bertan aurkezten diren argazki, pintura eta filmen bitartez, gizartearekiko perspektiba ezkor hori irudikatzen du artista txinatarrak.

Erakusketa 42 argazkik, 24 pinturak eta proiektatutako hainbat filmek osatzen dute. Sartu eta eskuinean den lehen aretoan, haren azken filmaren inguruko irudiak erakusten dira, lerrokatuak aurkezten zaizkigun formatu txikiko argazki talde baten bidez. Irudikatzen duten lanarekin lotuta, El duelo de la Belleza filmak doluren, ezinegonaren eta tristeziaren gaiak jorratzen ditu, eta, fotomuntatzearen bitartez, pertsonaia ilunak ikusten dira eszena ezberdinetan. Erakusketan aurrera jarraituta, aretoko espazio nagusian eta goialdeko espazioan pintura da protagonista. Formatu handi nahiz ertaineko lanak dira, oihal gaineko tinta bidezko teknikarekin landuak. Noski, zuri-beltzak gailentzen dira lan hauetan, etagrisaren gama interesgarriak sortzen dira tintaren erabileraren eta manipulazioaren bidez. Xingjianen pentsaera ezkorraren beste adibide bat da haren lan piktorikoa, hauek teknikaren poderioz erakusten duten iluntasunaz gain Apokalipsia, Mamuen hiria, Hildako hiria, Munduaren amaiera eta Tristetasuna izenburuekin batera aurkezten baitzaizkigu.

Ez dut haren idazle ibilbidea ezagutzen, baina ziur nago alderdi plastikoa baino arrakastatsuagoa izango dela. Seguru nago haren hitzek, zuzenekoek ala idatzizkoek, haren alor plastikoak eragiten duen kritika eta deirako eraginkortasun handiagoa erakutsiko dutela. Aurkezten den pentsamenduaren inguruan ados egon gaitezkeen arren, arte erakusketa bat den heinean, hartara alderdi plastiko batetik gerturatzen garenean interes mugatu bat duten lanak aurkitzen ditugu, askoz ere sakonagoa den ideia baten inguruko azaleko lanak. Ikus ditzakegun argazki eta pintura askotan, lantzen den gaira gerturatu eta hura irudikatzeko bidea arinegia iruditzen zait, eta lan horietariko asko nabarikotasunean itotzen dira. Interesa piztu zidaten lan bakarrak goialdean espazioan kokatzen diren 1996ko Betierekoa eta haren alboko 2006ko Suaren Aurrean pinturak izan ziren; egia esan, oso interesgarriak biak.

Bestalde, plastikotasuna alde batera utzita, bitxia iruditu zitzaidan artista txinatarrak ideologia batzuen inguruan —liberalismoa, tartean— egiten duen kritikari lotuta erakusketan sortzen den egoera. Agerikoa den bezala, ideologia horrek merkatuan duen eragina azpimarratzen du, literatura eta artea kontsumo produktu bihurtu arte izan duten bilakaera gaitzetsiz. Artearen eta orokorrean kulturaren inguruko kritika horrekin erabat ados nagoen arren, azpimarragarria iruditzen zait erakusketaren komisarioetako bat, haren editoreaz gain, galerista pribatu bat izatea. Pertsona garrantzitsua da Gao Xingjian, baina ez dut uste haren alderdi plastikoa beste alor batzuen mailan dagoenik, erakusketa, oro har, kultura munduan pisu handia duen pertsona baten izenean soilik sostengatzen baita. Beti da interesgarria kultura munduko alor ezberdinetan puntakoak diren pertsonek beste alorretan eduki ditzaketen zaletasuna eta esperimentaziorako grinaren emaitzak ezagutzea, baina ez dut uste erakusketa hau pizkunde garai batera deitu eta hari hasiera emateko modurik egokiena denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.