KRITIKA. Artea

Problematikak gailentzen hasitakoan

Artista ezagun batzuen obrak bertatik bertara ikusteko aukera ematen du erakusketak. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
2015eko abenduaren 1a
00:00
Entzun

'Historia partekatuak. XX. mendea Kutxa Bilduman'

Lekua: Kutxa Kultur Artegunea, Donostiako Tabakaleran. Noiz arte: Abenduaren 31ra arte.

Zenbait problematika izan ditut Historia partekatuak. XX. mendea Kutxa Bilduman erakusketarekin, izenburutik bertatik hasita. Gaztelaniazko Historias compartidas titulua ikusi eta azalpenak irakurrita, «historias» horiek istorio moduan ulertzen dira ezbairik gabe; istorioak askotarikoak izan baitaitezke, eta, izaera horrekin, partekatuak izateko arazorik ez dute. Arazoa, ordea, euskaraz historiak pluralean agertzeak dakar, hain zuzen ere, historia bat eta bakarra baita, eta askotarikoak direnak historia hori osatzen duten istorioak izaki. Itzulpen problema agian? Pesimismoan erorita, ez da arraroa lehenengo burutapena hori izatea, zoritxarrez, euskarara eginiko itzulpenetan hanka sartzeak ugariak izan ohi baitira, eta hau, ildo horretan, beste anekdota bat gehiago besterik ez litzateke... Optimista izaten saiatzen naiz ahal dudan gehienetan, ostera, baina oraingoan, komisarioa zaragozarra izanik, nekez pentsa liteke ikusleak aztoratzeko trikimailua izan litekeenik izenburuarena, eta nire esperantzak zulo beltzera jausten dira.

Baina hizkuntza politikak alde batera utziaz, gauza bat behintzat argi gelditzen da, eta hori zera da, Kutxa Fundazioaren barnean sorturiko arte bilduma osatzen duten lanen erakusketaren aurrean gaudela. Hori horrela, behin eta berriz azpimarratzen da erakusketan bilduma horren garrantzia bai Gipuzkoa eta bai Euskal Herriko arte ondasunaren memoria kontserbatzeko lanetan, eta hori ukaezina da. Garrantzi eta protagonismo horretan murgildurik, ordea, ez da ahaztu behar sortze ekintza horrek dakarren ardura, are gutxiago instituzio indartsu baten esku-hartzea dagoenean tarteko, halako kasuetan bildumak izaera pribatutik publikora pasatzeko joera izan ohi baitute, erakusketa hau, kasurako. Hain zuzen ere, eta besteak beste, bilduma horietan biltzen dena izango baita ondoren etorkizunean zabaldu eta kontserbatuko dena, iraganean gertatutakoaren aztarna eta ordezkari gisa, eta horretan, bildumariek kontziente izan behar dute; bildumak burutzea, erakusketak taxutzea bezalaxe, Historia idazteko modu bat baita.

Historia beraren errepresentazioa omen da erakusketakoa, baina oso modu tradizionalean eta artelanen kronologia hutsari segituaz. Euskal Herriko eta, batez ere, Gipuzkoako artearen historiaren garapenaren isla omen, eta historia horren narrazioa ikuspuntu posible bakarrekoa balitz bezala agertzen zaigu: lineala, zatikatua eta, nola ez, neutroa, objektiboa. Eta modu horretan, idatziak izan diren historia guztiak bezala, berriz ere, emakumerik gabeko historia da transmititu nahi dena, ziur aski, bilduma bera ere ia emakumerik gabekoa izango delako. Erakusketa aretoan emakumeen presentzia falta denik ez du esan nahi horrek, batez ere lehenengo solairua emakumeen irudikapen estereotipatuez beterik baitago. Emakume egileen eskasiaz ari naiz: sei emakume besterik ez, sei artelan emakumeek eginak, guztira 77 artelan biltzen dituen eta historia islatzeko asmoa duen erakusketan, eta ez da izango ez Gipuzkoan eta ez Euskal Herrian emakume artistarik izan ez delako.

Goiko solairura igo, eta, aretoaren erdian, plinto zabal batean Jorge Oteizaren hiru eskultura dira hautematen direnak; txikiak izan arren, kokalekua dela-eta begirada guztiak biltzen dituzte. Ez diot ez garrantzirik eta ez merezimendurik kendu nahi Oteizaren ekarpenari, horiek guztiz legezkoak baititu, eta, egun, artista horren garrantzi historikoa ukatzen duenik ez dago, ez eta erakusgai dauden gainontzekoena ere. Ikusgai dagoen historiaz jada erdi horditurik gaude. Formatuetan ere tradizioa nagusi: pinturak eta eskulturak besterik ez, XX. mendeko arteak ezaugarririk izan baldin badu, hori formatuen berritasun, esperimentazio eta iraultza izanik.

Erakusketak ez du uzten espazio librerik hegemonikoa izan nahi duen kontakizun historiko horretatik eskapo egiteko, zeina agian Katalina Erausoren erretratuaren bidez lor zitekeen, baina hori, eranskin edo protesi moduan, guztiz bakarturik utzi dute itxitako izkina batean, eta izkina horretan galdu dira horretarako ere egon zitezkeen aukera guztiak.

Kutxaren bildumarekiko beste hurbilketa posible eta interesgarriagorik egiterik bazegoen. Hala ere, eztabaidaezina da erakustaretoan esekita dauden artelanen bikaintasun eta garrantzia. Hala, nahiz eta erakusketa maiz arte historia liburu tradizionaletan topa ditzakegun kontakizunen erreplika izan, bertan, liburuetan ez bezala, artelanak zuzenean ikusteko aukera bermatzen da, eta hori behintzat aprobetxatzeko moduko parada da, ezbairik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.