KRITIKA. Artea

Gorputz politikoak

Fikzio patogenoak erakusketako obra bat. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
2016ko ekainaren 7a
00:00
Entzun

'Fikzio patogenoak'

Artista: Duen Xara Sacchi.Non: Bilboko La Taller-en.Noiz arte: Ekainaren 30era arte.

Kalkografia eta xilografian espezializatua dagoen grafika tailerra izan arren, erakustareto bat ere bada Bilboko Zumarraga kalean kokatzen den La Taller espazioa. Benetan txalotzekoa da erakusketak antolatzeko orduan egiten duten esfortzua, Bilbon aurkezten diren proposamen interesgarrienetakoak bertan aurkezten baitira. Honako honetan, eta 2015-2016ko kurtsoari amaiera emateko, Bilbao Art Districtek antolaturiko jardueren barruan, Duen Xara Sacchi artista argentinarraren Fikzio Patogenoak antolatu da, lan prozesu berdinaren parte diren Bordeleko Sodoma eta Buenos Airesko Orfandad erakusketen aurrekoa.

Erakusketak, artistaren haurtzaroko gertaera bat hasiera-puntu harturik, bere herrialdeko historiaren erretratu antropologiko bat bideratzen du, betiere begirada politiko-kritiko argi bat azaleratzen delarik. Guztia artistak jasan zuen ebakuntza batetik abiatzen da: zintzur-korapilo markatua izanik, bere familiak hura kentzeko operaziora bideratu zuen. Ekintzaren xede estetiko soila dela medio, horren beharraren inguruko zalantzak eta benetako arrazoiak ikertzen ditu Sacchik, eztarriko koskor horren atzean gordetzen diren mendebaldeko ezaugarriak bertako indigenekin alderatuz. Hala, artistak bere herrialdean XIX-XX. mendeetan gorputz ezaugarrien inguruan eginiko arraza bereizte bat aurkezten du, gorputzaren errepresentazioak eta horrek dituen ezaugarriak —eztarriko koskor edo deformazioak, kasurako— komunitate baten irudi imaginarioa bideratzeko pauso bilakatuz. Horrela, zintzur-korapilo nabariek komunitate jakin batekin lotura gordetzen dute, indigenekin, eta horien inguruan eraiki den imaginario ezkorrarekin. Imaginario horrek bertako indigenak kulturagabetzat aurkezten ditu, eta artista argentinarrak erakusketan zehar desegiten du ideia hori.

Hori guztia kontuan izanik, artistaren beraren bizipenak ideia horren emaitza zuzena direla konturatzen gara, gorputzaren estetika, artea eta kritikaren harremanean ardaztuz sormen prozesuaren ezaugarriak politiko bihurtuz, benetan interesgarria iruditzen zaidan espazio bat okupatuz. Bide horri jarraituz, artista argentinarrak marrazki, argazki, poesia, grabatu eta testuz osatutako multzo bat aurkezten digu, beren artean ondo artikulatzen diren alderdi ezberdinetan banaturik. Guztiek ibilbide bat planteatzen dute, erakusketan sartu orduko gure aurrealdean zabaltzen den marrazkitik azken pasartean aurkitzen dugun buztinezko inprenta txikiraino. Guztia bere lepoko koskorrean hasi eta honekin amaitzen da, paraleloki bere herrialdearen historia eta kulturaren begirada zorrotz bat plazaratuz.

Duen Xara Sacchiren fikzioak arraza-nagusitasunarekin lotutako «murrizketa» batean oinarritzen diren momentutik, prozesuaren alderdi patogenoa «hedapenean» datza, eta nola kendutako gaitz estetikoaren fruitua artea, bere alderdi sentikor eta burutsuenean, hedatzeko erreminta bat bilakatzen den. Bide honetatik, artista argentinarrak prozesuari amaiera emateko galdutako fruitua hazi bihurtzen du, buztinezko inprenta txiki bat sortuz. Honen bitartez, buztinezko hazia tintarekin nahastuz, prozesuaren azken pausoari jarraipena ematen dion grabatu serie bat sortu da, ale batzuetara murriztua, baina infinitura zabalik. Errepikapen honen bitartez, kendutako fruituaren hedapen haziak artearen esporak zabaltzen ditu, «patogenotasun» honen adibiderik garbiena bilakatuz.

Erakusketa osoan zabaltzen den kontzeptuaren ildoari amaiera ezin hobea ematen dion pausoa da azken hau. Aspaldi ikusi gabe nintzen erakusketa batean benetan mamitsua den kontzeptu baten inguruko garapen plastiko hain egokirik, zeren, nahiz eta La Taller-eko espazioa mugatua den, bertako paretetan, pausoz pauso, ideiaren garapen apropos bat aurkezten zaigu. Hori bai, era berean ikuslearen partetik esfortzu bat eskatzen duen proposamena da, Xara Sacchik lantzen duen kontzeptua eta honen ibilbidea informazio kopuru batekin lotzen baita, artista bera, bere ingurua, eta historiarekin lotutakoa.

Informazio hori erakustareto erdian dagoen dokumentazio kutxa batean aurkezten zaigu: bertan, hainbat argazki eta objekturen artean, artistak idatzitako dokumentu bat irakur dezakegu. Beti izango duzue erakusketan aurkezten diren lanekin zuzenki gozatzeko aukera, baina kasu honetan benetan gomendatzen dut artistak landu duen testua irakurtzea, luzea izan arren erakusketan aurkezten diren lan eta ibilbidea testuinguruan kokatuko baituzue. Sormena, artea, historia, kritika eta erresistentzia politikoa nahasten dituen proposamen artistiko esanguratsu baten aurrean gaude: La Taller-eko denboraldiari amaiera emateko hautaketa ezin hobea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.