KRITIKA. Artea

Ez ditzagun gauzak nahasi, mesedez

Emakume bat, Bilboko Arte Ederren Museoko erakusketan. JAVIER ZORRILLA / EFE.
2017ko irailaren 26a
00:00
Entzun

'Alicia Koplowitz Grupo Omega Capital bilduma'

Non: Bilboko Arte Ederren Museoan. Noiz arte: Urriaren 23ra arte.

Banuen gogoa Bilboko Arte Ederren Museoan dagoen Alicia Koplowitzen erakusketa ikusteko. Europako arte bildumarik nagusietakoa izatearen titulua daramalako soinean eta bilduma gisara publikoki erakusten zen bigarren aldia baino ez delako; bertsio zabalduan, gainera. Horrek guztiak hala-holako misterio eta ikusmina sortzen zuen nigan, erregalutarako paper distiratsuz bildutako kaxa handi bat irekitzearen gisakoa.

Greziako garaiarekin hasi, eta, mendez mende, arte estiloz estilo egiten den bidaia da erakusketako areto batetik bestera zoazen heinean egiten duzuna. Ezin da egon erakusketa apartagorik mendebaldeko arte historiaren kronologia eta arte historia hori idazten duten izenik nagusienak ezagutu nahi dituenarentzat. Artearen historiako gidaliburu bat segitzearen gisakoa izan baita erakusketatik barrena ibiltzea, koadroz koadro, eskultura batzuk tartean, gelaz gela.

Bururik gabeko Afrodita bat, aristokraziakoa izango zen emakume baten erretratua, Ama Birjina batzuk, beste aristokraziako emakume batzuen erretratuak, kaleko emakumeak, prostitutak... horiexen erretratuak dira erakusketan gailentzen direnak, emakumeen irudikapenak. Erretratuen bestaldeko begirada, berriz, gizonezkoena da: Pantoja de la Cruz, Zurbaran, Goya, Tiepolo, Madrazo, Gauguin, Van Dongen, Toulouse-Luatrec, Picasso, Modigliani, Schiele...

Inork, erakusketa ikusi, eta bertako liburuxka eta hormetako informazioa soilik irakurrita pentsa lezake, hasieran azaldu gisara, artearen historiako gorpuzte soila izan daitekeela hau, eta bertako kalitate bikainezko arte lanez gozatzeko objektibitatez beteriko tenplu neutral, mistiko eta aratza dela bisitaturikoa. Kontuz, ordea, ez gaitezen engaina. Historikoki transmititu diguten arte historia posible baten irudikapena bai, izan daiteke, baina horrek ez du objektibo bilakatzen transmititu digutena, edo bestela, igo begirada goiko paragrafora bueltan, eta irakurri berriz ere gizonen zerrenda luzea. Nork izan du pintzela esku artean? Nork boterea? Noren begiradatik ari gara begira? Zer begiratzen dugu eta nola? Emakumerik gabeko arte historia baten transmisioa mezu objektibo bat da?

Zorionez, egun badakigu gizonezkoak ez direla izan artearen historian zehar sorkuntzan lanean aritu izan diren bakarrak. Artista esanguratsuak, artista bikainak, zenbaitetan beren garaikide gizonezkoen lanen kalitatea hobetu zuten emakumeak ere baziren tartean. Eta, hala ere, kosta zaigu haien izenak argitara ekartzera. Tarteka azaltzen dira orain, arte historiako gidaliburu batzuetan; tarteka azaltzen dira, artearen historiako ikastaroetan. Baina oraindik ere beren presentzia, artearen historiara egin duten ekarpenarekin alderatuta, guztiz murritza da. Eta horretan, gisa honetako erakusketek —bertako lanen kalitatea bikaina baldin bada ere, gauza batek ez baitu bestea kentzen— ez dute askorik laguntzen. Emakumeak artearen historian, eta gizartean bertan izan dezakeen leku bakarra objektu gisara tratatua izatea da? Badirudi hori dela erakusketak zabaltzen duen mezua.

Ez diot errua Koplowitzi botatzen; azken finean, bildumagile gisara, bere diruarekin nahi duena erosteko eskubide guztia baitu. Emakumearen irudikapenak gustatzen zaizkiola? Ba, bikain. Horrekin ere ez dago arazorik. Arazoa, Bilboko museoak erakusketaren inguruan transmititzen duen mezuan dago: «zenbait emakume artistaren presentzia esanguratsua da hari nagusietako bat». Zer da presentzia esanguratsua? 80 artelanetatik bi emakumeenak izatea Agnes Martin eta Louise Bourgeoisenak emakumeen presentzia esanguratsua izatea da? Ez ditzagun gauzak nahasi... Erakusketa honetan ere, beste hainbatetan bezala, emakumearen presentzia esanguratsu bakarra haien irudikapenean dago, haien objektualizazioan, artista maskulinoaren begirada pean betiere, haien meneko; eta ez, iradokitzen den bezala, sortzaile gisara, historiaren idazle gisara, boteredun gisara. Horretan, hemen ere, gizonezkoena da aginte makila. Eta hori damuseo honek transmititzen duen mezua beste behin ere ekintza errepikakorra baita hau, alegia, historia antropozentrista sasi-objektibizatu batena.

Miguel Zugaza etorri berri da Bilbora, eta ate handitik sartze asmora, izen ikaragarrizko erakusketa da ekarri duena, maila handiko artelanak bertatik bertara ikusteko primizia eskainiz bertako publikoari. Primerako aukera da, halako izen handien lan sorta bikainaz gozatzeko; hasieran esan bezala, gauza batek ez baitu bestea kentzen. Baina hau ere berriz diot badaezpada ere: mesedez, ez ditzagun gauzak nahasi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.