KRITIKA. Artea

Oinarrian gordetzen dena

Roscubas anaien azken laneko zenbait obra.
Roscubas anaien azken laneko zenbait obra. ALTXERRI GALERIA

Urtzi Ibarguen -

2018ko otsailak 6

Fernando Roscubas eta Vicente Roscubas



Non: Altxerri galerian, Donostian. Noiz arte: Martxoaren 20ra arte.

Badira bost urte baino gehiago Donostiako Altxerri galerian Roscubas anaien azken erakusketa ikusteko aukera izan genuela. 1953. urtean Palman (Herrialde Katalanak) jaiotako artisten lanak bide berari jarraitu dio azken urte hauetan, eta, erakusketa honetarako, 2012an aurkeztutako pinturaren bideari jarraitu diote, azken urtean margolanak eraikitzeko asmatu eta landu duten teknika bitxi bati jarraituz.

Aipatu berri dudan teknika hori irudi digitalean hasten da. Hori sortu ondoren, zabaldutako laminen gainean imprimatzen dute. Lamina horiek banan-banan biltzen dira; hainbat irudi zerrenda erakusten dituzten hoditxoak sortzen dituzte, eta hodi horiek antolatu eta egituratu ondoren, irudiaren osotasuna berreraikitzen dute, pertsiana baten forma hartzen duten irudiak sortuz.

Teknika berezi horren bideari jarraituta, Roscubas anaiek formatu txiki nahiz ertaineko lanak ekarri dizkigute, Donostiako galerian aurkeztu duten azken erakusketan. Bi multzotan bereiz daitezke lanak, guztiak teknika bera erabiliz sortu dituzten arren. Alde batetik, abstrakziora jotzen duten pinturak daude. Oinarri argi baten gainean zabaltzen diren trazo eta keinu askeak dira, tarteka koloretsuak. Guztiak 2017an sortuak. Kandinskiren lana gogorarazten digute pintura horiek, eta aurrekoen bideari jarraitzen diote, azken urteetan egindakoen bide beretik.

Beste multzoak, berriz, aldaketa argi bat aurkezten du, figuraziorako joera igartzen baita. Lan bitxiak dira: barrualdeko espazioak historiako artista eta artelan ezagunekin nahasten dira, nolabait galeria edo diseinu denda baten barrualdeko bistak erakutsiz.

Lan horiek berezitasun bat daukate abstrakzioen multzoarekin alderatuta. Izan ere, sortzeko erabili den teknikak eta estrukturak, pertsiana modukoak, irudiarekin bat egiten du, pertsiana horren bitarteko barrualdeko espazio bat aurkeztuz. Horrela, teknikaren eta espazioaren arteko harremana sortzen dute artistek, urteetan beren ikur izan den ironia puntu batera hurbilduta.

Bi multzoen ezberdintasunak erakusketan gailentzen den irakurketa interesgarrienera hurbiltzen gaitu: bertan aurkezten diren elementu kontrajarrien arteko talkara. Lehena, noski, abstrakzioaren eta figurazioaren arteko jokoa da, modu berean eraikitzen den oinarri bat eduki arren, guztiz modu ezberdinean jasotzen dira eta. Baina esan dezakegu azalean dagoen detaile soil bat dela bi espresio forma horien arteko lotura, oinarrian talka handiagoa dakarten bi lotura garrantzitsuago gordetzen baitira: batetik, teknologiaren eta eskulanaren artekoa, eta, bestetik, eskulturaren eta pinturaren artekoa. Biak ala biak piezaren sorkuntzarekin lotuta daude, eta horren irakurketa eraldatzeko gai dira.

Artelanek, irudian baino gehiago, estrukturan gordetzen dute mamia. Guztia irudi digital baten sorreran eta horren inpresioaren inguruan bideratzen bada ere, eraikitzeko moduak benetan interesgarriak diren eremuetara garamatza. Roscubas anaiek erabiltzen duten teknika bitxi hori eskuz egindako lan bat da, teknologiak gaur egun industrialki eskaintzen dituen erraztasunak erabiliz egina dirudien arren. Anaiek bertan esan duten moduan, eskulanaren zatia berez ez da garrantzitsuena, baina argi dago horrek eskatzen duen denborak artelanean zerbait berezia uzten duela. Zaila da berezia zer den deskribatzea, baina begi bistakoa da eskulanaren eta teknika/teknologiaren artean sortzen den lotura horrek lanen irakurketa aberasten duela.

Teknikarekin guztiz lotuta, artelanaren eraikuntzan pintura eta eskulturaren arteko mugak desegin ala gainjartzen dira, eta hori benetan ezinbestekoa da obraren irakurketarako. Esan dezakegu irudiaren eraikuntza prozesu eskultoriko baten bitartez osatzen dela. Gainjartzen diren plegaturiko lamina horiek guztiak irudiak berezko lukeen bidimentsionalitatea gainditzen dute, eta piezak eskulturaren alorrera eramaten ditu.

Bitxia da oso nola aldatzen den ikusleak duen artelanaren irakurketa prozesuaren xehetasunak ezagutu ostean: teknikak berekin dakarren estrukturak pisua hartu, eta sorkuntzaren mamia bilakatzen da.

Azken finean, konturatzen gara Roscubas anaiek lantzen dituzten irudiak erakargarriak direla, baina benetako interesa irudiak sortzeko bidean gordetzen dela.