KRITIKA. Artea

Hemen ere baditugu kristalezko edalontziak

2018ko ekainaren 19a
00:00
Entzun

'Circular Defense: Anna Daucikova, Zbynek Baladran'

Non: Carreras Mugica galeria, Bilbo. Noiz arte: Uztailaren 25era arte.

Gure eguneroko errealitatea eta inguratzen gaituzten gertaera eta ideiak beste perspektiba batetik ikusteko edo horietara beste modu batez hurbiltzeko tresnak eskaintzen dizkigute artistek beren proiektuen bidez. Gure gizartea osatzen duten piezak askatzen eta ulertzen laguntzen diguten erremintak sortzen dituzte, hein batean. Ikaragarri erabilgarriak eta eraginkorrak. Tresna hauekin, ordea, badago eragozpen txiki bat, ez hainbeste artelanei lotua, baizik eta artelanak erakusgai ipintzen dituzten instituzioei dagokienez.

Izan ere, nahiz eta artelanen bidez errealitatea ulertzeko hainbat ikuspegi azaleratzen saiatu, ikuspegi horiek guztiak gure testuinguruan sortutako lanen bidez plazaratu ohi dira, proposatzen diren begirada berriak ere testuinguru berdin honetatik bideratuak izanik, nahiz eta fokua hemendik urrun jarri. Alegia, nahita edo nahi gabe, eskura izan ohi ditugun proiektuak mendebaldeko pentsamendu eurozentristaren baitan eratutakoak dira, eta maiz kanpoan uzten dira testuinguru horretatik kanpo sortutako begiraden eraikuntza ezberdinak. Oraingo honetan, Carreras Mugica galeriak joerari buelta ematea lortu du Beatriz Herraez komisarioaren laguntzarekin, Circular Defense: Anna Daucikova, Zbynek Baladran erakusketan.

Mendebaldeko gertaerak eta ikuspuntua alde batera utzi, eta Europa ekialdeko bi artistaren lanak dira aurkezten dituztenak. Biak ala biak 1989ko urte giltzarriaren aurretik jaioak badira ere, nabarmena da adin ezberdintasuna erregimen komunistarekin duten harremanean eta inguratzean; hain zuzen ere, hogei urteren aldea. Baina ezberdintasun horretan, aretoan eta euren lanen artean sortzen diren elkarrizketek eta hartu-emanek proiektuari osotasun zentzua ematea lortzen dute, ikusleari albo batera utzaraziz Europa ekialdeko egoera politiko-sozial-ekonomikoarekiko izan ohi dugun informazio hotz eta erabat orokortua —eta nola ez, mendebaldetik sortua—, eta gertaerak hango gorpuzte subjektiboetatik jasotzeko aukera bermatuz.

Instalazioaren protagonismoa erabat garrantzitsua da horretan. Galeriara sartu eta espazioa arnasten da, espazioa ikusten da, eta ez da inolako neke sentsaziorik transmititzen, ez eta informazio gehiegikeriarik ere —horrelako ariketetan maiz gertatzen dena—. Baladranen lanek egiten dute harrera. Batetik, From the New Theological Jokes lanaren instalazioa ikus daiteke, airean esekia. Gardentasun jokoekin, besteak beste egungo gizarte ideologia nagusienen inguruko eskema prototipiko ia mekanizatuak dira; ikusiko denaren preludioa, oinarria. Ezkerretara dagoen paretan, berriz, irudi andana luzea. Denak ikus daitezke, edo norberak nahi dituenak soilik. Erakusketako pieza nagusia da hau, dudarik gabe; galeria osoko espazioa zeharkatzen duen egitura osatzen duten collageak dira. Egunkari komunista batekin eta iraultza osteko beste egunkari liberal batekin egindako jolasa da, gaur egunetik begirada atzera botata erantsitako hitzekin egituratua. Ariketa ederra da. Irribarre ironikoak aterarazten dituen horietakoa. Esku artean gustura hartuko nuke horien guztien bilduma bat...

Daucikovaren lanek, ostera, dimentsio pertsonalagoa eransten diote erakusketari, gizatiarragoa esan liteke agian, zuzenagoa eta hurbilagoa. Izan ere, Baladranen lanen abiapuntua gizartean banatzen ziren egunkari ia anonimoak eta bertan egituratzen ziren diskurtsoak baldin baziren, Daucikova, berriz, pertsona zehatzetan oinarritzen da lanak sortzeko garaian; gertakarietan, bizipenetan eta beren bizitza gertakari politiko eta sozialek zuzenean nola baldintzatu duten agertuz. Orduan, pertsonaia horiekin modu batez edo bestez identifikatuak sentitzen gara. Egia da erregimen komunista baten ondorioak ez ditugula jasan zuzenki, baina bai bestelako erregimen kapitalista batenak, gure gorputzetan bertan. Era berean, horiek ere gure bizipenak eta eguneroko bizi baldintzak erabat egituratu dizkigute. Hortik abiatuta, Baladranen lanak hurbilago ditugu, eta berak proposatzen dizkigun egunkarien collageak gure egunkariekin ere berdin-berdin egin zitezkeela ulertzen dugu. Aretoan ipinitako eskulturan agertzen diren hitzek ere guretzat zentzua hartzen dute, eta argazkietan ikus daitezkeen leiho eta kristalezko edalontziak geure etxekoak ote diren zalantza egiten dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.