Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Guraso arruntaren koplak

2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Badira urte batzuk nire inguruan haurrak perretxikoak bezala ugaritzen ari direla. Zutabe bilduma bat idatzi ahalko nuke pandemia horretaz, baina ez dut uste Ekografiak tartea leku egokia denik horretarako. Umeek egin edo egiten ez dituztenen, esan edo esaten ez dituztenen edo haien kaka eta txiza ohituren inguruko tesi mardulen artean, behin baino gehiagotan entzun dut arreta eman didan eta nire interesa piztu duen kezka bat. Eta, hori bai, egokia da gaurko honetan txoko honetara ekartzeko.

Gaur egungo gurasoek arazoak dituzte haurrei marrazki bizidunak euskaraz jartzeko. Arduratuta daude, eta duela hamar urte Facebook kontua zabaldu baina pasahitza gogoratzen ez duen horrek ere sareko zokorik ilunenetara jauzi egin du bere semearentzako edo alabarentzako euskarazko edukien bila. Kezka horren inguruan entzun nuen lehendabiziko aldian, Euskal Encodings webguneaz hitz egin nien. Ezagutzen ez duzuenontzat, auzolanean euskarazko eduki guztiak sarera igotzen saiatzen den proiektu bat da. Milaka eduki topatu ditzakezue bertan, tartean marrazki bizidun ugari. Bertatik jaitsita ikusi nuen nik, adibidez, Avatar: azken aire maixua (Ez dago aita izan beharrik marrazki bizidunak ikusteko).

Webguneaz jakin, eta marrazki bizidunak jaisteari ekin zioten. Batek onartu zidan parkeko aitarik guay-ena izan zela arratsalde batez, gainontzeko gurasoei webgune horren berri eman zienean. Arazoa, beraz, orokorra da. Ez da nire kuadrillako gurasoek soilik duten kezka bat (nire laguna ez da batere guay-a, berez). Guraso horien artean, gainera, bada bat baino gehiago, sekula euskararekiko inongo militantziarik izan ez duena. Haur bat izateak egin ditu euskaltzale! Horregatik bakarrik, pozten naiz nire iluntzeetako garagardoak erabat aspergarri bilakatu dituen plaga horretaz.

Nire laguna betiko parkeko guay-ena izaten jarraitzea gustatuko balitzaidake ere, Euskal Encodings-ek ez du ez arazoa, ez kezka amaitu. Zergatik? Bada, haurrak ez direlako tentelak. Ikusi nahi dutena ez da beren gurasoek 9 urte zituztenean ikusten zutena, baizik eta inguratzen dituen mundu eta denbora lerroko haurrek ikusten dutena. Euskal Encodingsek egiten duen lana. Txalogarria bada ere, arazo hau konpontzeko ardura ezin da auzolanarena izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.