Mikel Alvarez.
EKOGRAFIAK

Musen ordua

2019ko urriaren 15a
00:00
Entzun
La hora musa saioaren bigarren denboraldiari ekin diote La2en, eta denboraldiko bigarren saioaz gozatu ahal izan dugu. Eta gozatu diot saio hori ikustea gozatu hutsa delako. TVE ez da eredu hainbat gauzatan, baina bigarren kateak aparteko erresuma izaten jarraitzen du noizean behin, eta eskerrak. Nire gurasoen belaunaldikoak zaretenok ederki gogoratuko duzue garai batean musikak telebistan zuen garrantzia eta presentzia. Nire belaunaldikoak zaretenok, aldiz, ziur musika saio bat baino gehiago izendatzeko gai izango zaretela asko pentsatu gabe. Gazteagoak zaretenok, ordea, aitona hau zer demontrez ari den galdezka arituko zarete.

Ba, ideia bat egiteko, esango dizuet nerabezarora iristen ari nintzen garai hartan, MTV bezalako kate batean Nirvana, Pearl Jam edo Stone Temple Pilotsen bideoklipak eman eta eman aritzen zirela egun osoan (MTV...). Barkatu, berriz ere aitona hau zertaz ari den galdezka zaudete. Tira, imajinatu oraintxe bor-bor dagoen gizarte mugimendu eta musikaren punta-puntako adierazleen berri ematen ari direla egun osoan telebistan (trapa, edo zer dakit nik). Bideoklipez gain, zuzeneko musikaz gozatu ahal genuen hamaika saiotan, eta elkarrizketak eta erreportajeak ere eskaintzen zituzten. Modu hartan ezagutu ahal izan genituen behar bezainbesteko aitormenik jaso ez duten 1990eko hamarkadako talde handi haiek.

Antena paraboliko bidez (bai, balkoietan antena parabolikoak genituen) harrapatutako MTV edo VIVA nazioarteko kateez gain, Espainiako telebistek hainbat musika saio programatzen zituzten. Gai zehatzeko saio horietatik at ere, ohikoa zen edozein saiotan zuzeneko musika topatzea. Gezurra dirudi, ezta? Ba, heldu ondo, orain bai, benetan zur eta lur utziko baitzaituztet: ETBk ere izan zituen bere musika saioak. Adibidez, Ikimilikiliklip.

Beti kexatu izan naiz (gaur barne) 1990eko hamarkadari egiten zaion ez ikusiaz, baina ez dut irudikatu ere egin nahi bizi dugun garai emankor eta izugarri hau nola gogoratuko ote dugun hemendik hamarkada batzuetara. Aspaldi ez dugu izan halako musikari belaunaldi bikain bat Euskal Herrian, eta gure telebista publikoari ez zaio axola. Hori gutxi balitz bezala, kolore eta tamaina guztietako musika jaialdiak antolatzen dira gurean. Zer saio egin ahal den bi olatu horietara igota...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.