Kideen beroa eta Ortuzarren babesa izan du Arraizek kanpoaldean

gotzon hermosilla
Bilbo
2016ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
Epaiketa hasi aurretik, elkarretaratzea egin dute Sortu eta EH Bilduko zenbait kidek epaitegiaren aurrean, Hasier Arraizi elkartasuna adierazteko. Epaiketa politikorik ez leloa zuen pankarta baten atzean, han izan dira Arnaldo Otegi, Oskar Matute, Maribi Ugarteburu, Tasio Erkizia, Joseba Permach, Rufi Etxeberria eta Iker Casanova, besteak beste.

EAJren EBBko lehendakari Andoni Ortuzarrek ere Sabin Etxetik epaitegi aurrera egin du, eta han Arraiz agurtu du. Geroago, bere jarrera azaldu du Ortuzarrek sare sozialetan: «Zaila da ulertzea [ezker abertzalekoak] euren akatsak onartzen hasi direnean koska bat estuago egin nahi izatea epaiketa honetan», esan du.

Pernando Barrenak ere adierazpenak egin ditu epaiketa hasi aurretik. Haren ustez, Segura auzian joan den urtarrilean lorturiko akordioak bide bat zabaltzen du «salbuespeneko epaiketa politikoak» amaitzeko, eta uste du bide hori erabili beharko luketela Arraizen auzian ere. «Epaiketa politikoak amaitzeko garaia iritsi da; herri honetan beste inork ez du kartzelara joan behar bere ideia politikoengatik», erantsi du.

EAko idazkari nagusi Pello Urizarrek ere kazetarien aurrean esan du «beste garai bateko irudia» dela epaiketarena, eta horien bidez batzuek Euskal Herria «iraganean ainguratuta» atxiki nahi dutela. «Arraiz aspalditik ezagutzen dut, eta urte hauetan guztietan ikusi dut haren apustu politiko eta publikoa bakearen eta bizikidetzaren aldekoa izan dela», azaldu du.

Radio Euskadiri emandako elkarrizketa batean, EAEko Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Nagua Alba ere harriturik agertu da Arraizen kontrako epaiketa dela eta. Gogoratu du bederatzi urte igaro direla lehenengo auzibideak egin zirenetik, eta «gertaera berdinengatik zigor desberdinak» eskatzen direla. «Zaila da horri justizia deitzea», erantsi du. Sortuko kidearen kontrako epaiketari «bidegabea eta ohiz kanpokoa» iritzi dio Albak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.