Errusiako hauteskundeak

Boris Johnsonek esan du Putinek agindu zuela espioia pozoitzeko

Errusiaren ustez, «barkaezinak» dira Erresuma Batuko Atzerri ministroak egindako adierazpenak

Bi polizia, Sergei Skripal eta haren alaba pozoitu zituzten eremua zaintzen. GERRY PENNY / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Errusiako hauteskundeetarako bi egunen faltan, Errusiako presidente Vladimir Putin zuzenean lotu dute Sergei Skripali egindako eraso kimikoarekin. Orain artean, Erresuma Batuak Errusiaren erantzukizuna aipatu izan du, baina Boris Johnson Atzerri ministroak Putin jo du erasoaren zuzendaritzat. Atzo egin zituen adierazpenak, Londresko museo batera egindako bisitan. Johnsonen arabera, Erresuma Batuarentzat «oso litekeena» da Putinek hartu izana eraso kimikoa egiteko erabakia: «Berak zuzendu du Erresuma Batuan eta EuropanII. Mundu Gerraz geroztik agente nerbioso batekin egindako lehen erasoa».

Johnsonen ustez, bi gobernuen artekoa da Skripali egindako erasoaren osteko talka, eta ez du zerikusirik Errusiako biztanleekin: «Putin buru duen Kremlinarekin dugu liskarra». Hala, zehaztu du gobernuarekin «desados» egon arren ez dutela ezer errusiarren aurka, eta talkak ez duela «errusiarren aurkako sentimendurik sortu» Erresuma Batuan.

Halaber, Erresuma Batuko diplomazia buruak uste du «lotura zuzena» dutela Skripal pozoitu izanak eta Putinek Siriako presidente Baxar al-Assadi ematen dion babesak: «Al-Assadek Sirian egiten dituen ankerkeriekin duen jarrera leuna erabat lotuta dago Errusiak britainiar lurraldean arma kimikoak erabiltzearekin». Frantziako Le Parisien egunkarian idatzitako artikulu batean azpimarratu du hori, eta zehaztu du Salisburyko (Ingalaterra) eraso kimikoa «Putinen jokabide arriskutsuaren beste adibide bat» dela.

Johnsonek eskertu egin du hainbat herrialdek gai honetan Erresuma Batuari eman dioten babesa; Italia eta Herbehereak batu ziren atzo zerrenda horretara. Italiak «babes osoa» eman dioErresuma Batuari, eta Herbehereek «oso sinesgarritzat» jo dute gobernuaren bertsioa.

Dmitri Peskov Errusiako Gobernuko bozeramaileak gaitzetsi egin ditu Johnsonen adierazpenak: «Gai honetan gure presidenteari erreferentzia egiteak modu harrigarri eta barkaezinean hausten ditu jokamolde diplomatiko egokiaren arauak». Peskovek azaldu du Errusiak «hainbat maila eta egoeratan» azaldu duela ez duela zerikusirik Skripalek jasandako erasoarekin.

Errusiaren erantzuna, prest

Bi gobernuen arteko adierazpen talkaren erdian, Peskovek adierazi du Errusiako Gobernua prest dagoela Erresuma Batuak hartutako neurriei erantzuteko: «Berehala jakinaraziko dugu, baina ondo neurtutako erabakia izango da». Horrekin lotuta, Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroak adierazi du Moskuko gobernua «diplomazialari britainiarrak bidaltzeko prest» dagoela.

Halaber, Peskovek adierazi du azken egunetan Errusiaren eta Mendebaldeko herrialdeen arteko harremanak gaiztotu izana ezin dela «Gerra Hotzaren itzulera balitz bezala interpretatu».

Erresuma Batuak herenegun hartu zuen Errusiako diplomazialariak kaleratzeko erabakia, eta horren erantzuna prestatzen ari da Putinen gobernua. Bien bitartean, Aleksander Jakovenko Errusiaren Londresko enbaxadoreak zehaztu du kaleratutako 23 diplomazialariek martxoaren 20an utziko dutela Ingalaterra. Diplomazialariak eta haien senitartekoak batuta, guztira80 lagun inguruk utziko dute herrialdea, Jakovenkoren arabera.

Errusiako Gobernuak jakinarazi du ikertuko duela Skripalen alaba Juliari eginiko «atentatua». Espioi ohiarekin batera pozoitu zuten haren alaba; herritartasun errusiarra du, eta Errusian bizi da; horregatik ikertuko dute. Moskuko Ikerketa Batzordeko bozeramaile Svetlana Petrenkoren esanetan, ikerketa Errusiako legediaren eta nazioarteko zuzenbidearen arauak errespetatuz egingo da, eta «prestatutako adituek hartuko dute parte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.