Gerra Ukrainan. Europar Kontseilua

EBk gariaren esportazioa handituko du elikagai eskasiari aurre egiteko

Lavrovek esan du prest daudela Ukrainako portuetako blokeoa kentzeko, betiere Kievek itsasoetako minak kentzen baditu. 27 estatu kideek defentsarako gaitasunak sendotuko dituzte

OLIVIER HOSLET / EFE.
ander perez zala
2022ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak atzo jakinarazi zuen EB Europako Batasuneko estatu kideek gariaren esportazioa handituko dutela elikagai eskasiari aurre egiteko, eta, beraz, «datozen urteetan» horren errekorra gainditzea espero dutela, hamalau milioi tonara iristeraino. Horrez gain, Von der Leyenek azaldu zuen plan bat prestatzen ari direla Ukrainan dauden «hogei milioi tona gari» herrialde horretatik ateratzeko —urtero 26 milioi tona inguru ekoizten du—: «Larrialdi nagusia hori da. Garia trabatuta dago, eta hortik atera behar da».

Horretarako, Europako Batzordeko presidenteak berretsi zuen Elkartasun Errailak sortu eta bide horiek garatzen ari direla, «gari horren parte bat» errepideetatik edota trenbideetatik EBko estatu kideetara eramateko, nahiz eta aukera hori «gogaikarriagoa eta garestiagoa» den.

Errusiako armadak blokeatuta dauzka Ukrainak Itsaso Beltzean dituen portuak —hortik egiten dituzte esportazioen %90—, eta hori ondorioak sortzen ari da elikagaien banaketan. Mendebaldeko herrialdeek behin eta berriz eskatu diote Vladimir Putin Errusiako presidenteari blokeo hori amaitzeko, baina oraingoz eskariek ez dute jarrera aldaketarik eragin harengan.

Emmanuel Macron Frantziako estatuburuak atzo adierazi zuenez, EBrentzat itxaropen bakarra Mosku eta Ankara izaten ari diren negoziazioak dira, itsasoan garia esportatzeko korridore bat irekitzeko elkarrizketak abiatu baitituzte. Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa Turkiara joatekoa da datorren astean, eta baliteke hitzordu horretan adostasun bat lortzea; Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea jada mintzatu da afera horretaz Putinekin eta Volodimir Zelenski Ukrainako estatuburuarekin.

Interfax berri agentziaren arabera, Lavrovek baldintza garrantzitsu bat jarri du: Ukrainak Itsaso Beltzeko minak kendu ditzala, barkuek «ibilbide segurua» izan dezaten.

Afrikan ere kezkatuta

Europar Kontseiluan elikagaiez mintzatu zen, hain justu, Senegalgo eta AB Afrikako Batasuneko presidente Macky Sall, eta EBko gobernuburuei eta estatuburuei ohartarazi zien litekeena dela Afrikak «elikagai hondamendi bat» sufritzea Ukrainako gerragatik; zehazki, Sallek azaldu zuen testuinguru posible horretan prezioak igoko liratekeela, eta litekeena dela janari batzuetan «eskasia» egotea. «Okerrena gure aurrean egon liteke», esan zuen agintariak.

Afrikako herrialde askok Ukrainako garia inportatzen dute, eta, testuinguru horretan, Sallek argi utzi zuen EBko agintariek «ahalik eta gehien» egitea nahi dutela produktu horren «stock guztiak askatzeko» eta horien garraioa bermatzeko. ABko presidenteak emandako datuen arabera, gerraren aurretik, haren kontinentean 282 milioi lagun zeuden «azpielikatuta», eta beste 46 milioi gosetea jasateko «arriskuan» zeuden COVID-19aren pandemiaren ondorioz.

Horren adibide da Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak atzo emandako datuetako bat: Sudanen 10,9 milioi herritar ari dira «muturreko gosetea sufritzen», eta errealitate hori «are gehiago» okertuko da, besteak beste, Errusiaren Ukrainako inbasioaren ondorioz.

Testuinguru horretan, eta egoera aldatzeko helburuarekin, Sallek inbertsioak eskatu zizkien Europako agintariei, batez ere Afrikako nekazaritzan. «30 milioi kilometro karraturekin, Afrikak ditu planetan iraul daitezkeen lurren %60», argudiatu zuen ABko presidenteak.

Horren inguruan oraindik erantzunik eman ez zuten arren, EBko estatu kideetako agintariak ados jarri ziren Ukrainako gerrako beste elementu baten inguruan: armak eta defentsa.

Zehazki, 27 gobernuburuek eta estatuburuek asmoa dute talde komunitarioaren defentsarako gaitasunak «premiaz eta luze gabe» sendotzeko «erosketa bateratu baten» bitartez.

Horri esker, Ukrainarentzako arma fluxua bermatzea espero dute, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.