Espetxe politika. Mobilizazioak

Sarek eskatu du egin beharreko aldaketak «lehenbailehen» egiteko

Sanchezek esandakoen inguruan «balorazio positiboa» egin du plataformak, baina «zuhurtzia» eskatu du. Mont-de-Marsango eta Zaballako espetxeak lotuko dituzte bizikleta martxa baten bidez

Iosu Alberdi.
2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Espainiako presidente Pedro Sanchezek espetxe politika aldatu beharraren inguruan eginiko adierazpenak «nabarmendu beharrekoak» dira, Sareren esanetan. «Balorazio positiboa egiten dugu», adierazi zuten plataformaren bozeramaileek, atzo, Gasteizen eginiko agerraldi batean. Halere, «zuhurtziaz» jokatu beharra azpimarratu zuten. Orain Presoak dinamikaren barruan egingo duten bizikleta martxa ere aurkeztu zuen Sarek. Mont-de-Marsango (Frantzia) eta Zaballako (Araba) kartzelak lotuko ditu martxak, uztailaren 20tik 23ra bitartean.

Sarek uste du gizarteak eta euskal sindikatuek eginiko aldarrikapenen ondorio dela Sanchezen jarrera, eta adierazi du «ezinbesteko urratsa» litzatekeela espetxe politikan aldaketak egitea, «konponbidearen eta bakearen bidean». Horiek «lehenbailehen» egiteko ere eskatu du.

Espainiako Gobernuari soilik ez, gainontzeko alderdi politikoei ere dei egin die plataformak, ez ditzaten Sanchezen hitzak baliatu alderdi interesak defendatzeko «arma gisa».

Madrilen jarrera positibotzat jo du plataformak, baina esan du ez dagoela ados Eusko Jaurlaritzaren aldarrikapenekin. Euskal presoak Euskal Herritik 250 kilometrora gerturatzea proposatu du Gasteizek, baina, Sareren iritziz, hori ez da nahikoa, hala ez baitira amaitzen presoen eta haien senide eta lagunen «eskubide urraketak», oraindik ere 500 kilometroko bidaiak egin beharko lituzkete eta.

Halere, Sarek ez du sakabanaketa politikara mugatu nahi egungo espetxe politikaren arazoa, eta lau lehentasun daudela adierazi du: larriki gaixo dauden presoen «egoera jasanezina»; lehen gradua ezartzeari uztea; salbuespen legedia indargabetzea; eta beste estatu batean aurrez betetako zigorren kontaketa egitea, «europar legediak eskatu bezala». Nabarmendu du horietan aldaketak egiteko erantzukizuna Espainiako Espetxeen zuzendari nagusiak eta Justizia Ministerioak dutela.

Era berean, espetxe eskuduntzaren transferentzia gauzatzeko eskatu du Sarek, eta «epaitegien konpetentzien gertutasuna lortzea».

Euskal presoen «salbuespen egoeraren amaiera» eskatzeko beste ekintza bat ere aurkeztu du Sarek: Mont-de-Marsango eta Zaballako espetxeak lotuko dituen bizikleta martxa, uztailaren 20tik 23ra bitartean, lau etapatan banatuta. Frantziako Gobernuak «aldaketarako duen borondatea» erakutsi izana azpimarratu du plataformak, eta horregatik hasiko da Mont-de-Marsanen. Zaballa, berriz, «espetxe politikaren aldaketaren ikur» bihurtzea nahi dute.

Ekinaldi berria aurkeztu ez ezik, azken hilabeteetakoak ere baloratu ditu erakundeak, eta gizarte zibilak izaniko rola azpimarratu du.

Marlaska eta torturak

Gaur, berriz, tortura pairatu dutenenganako elkartasunaren nazioarteko egunean, Espainiako Barne ministro Fernando Grande Marlaskari «zenbait eskari» egiteko agerraldi batera deitu dute, EAEko Auzitegi Nagusiaren atarian, Bilbon. Amaia Izko abokatuak hartuko du hitza, eta harekin egongo dira hainbat lagun, torturak salatu zituztenak Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko instrukzio epaile izanik hark agindutako atxiloaldi inkomunikatuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.