Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak

Jaurlaritzak diru ekarpena handituko die museo nagusiei

Urtea amaitu aurretik aztertuko dute Bilboko Arte Ederren Museoa handitzeko aukera. Arte eszenikoen saila %5 haziko da 2019an
Guggenheim museoak jasoko du diru sailik handiena. Irudian, museoa, artxiboko irudi batean.
Guggenheim museoak jasoko du diru sailik handiena. Irudian, museoa, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU

Aitor Biain -

2018ko azaroak 9
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako museo nagusiei bultzada berezi bat eman nahi die Eusko Jaurlaritzak, eta 2019ko aurrekontu proiektua baliatu nahi du horretarako, haientzako diru saila handituta. Kultura eta Hizkuntza Politika Saileko aurrekontuak xehatu zituen atzo Bingen Zupiria sailburuak Eusko Legebiltzarrean, eta bertan iragarri zuen aipatu neurria. Orotara, 260 milioi euroko aurrekontua izango du sailak, aurten baino %3,8 handiagoa. Atal horretatik, baina, ia 60 milioi euro jarriko dituzte kulturarako, 2018an baino bi milioi gehiago. Nolanahi ere, aurrekontu osoaren %0,5 du kulturak oraindik ere.

MUSEO NAGUSIAK

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hiru museo nagusiei eragiten die neurriak, batez ere: Bilboko Guggenheim museoari eta Arte Ederren Museoari eta Gasteizko Artium Arte Garaikidearen Euskal Zentro Museoari. «Artearen euskal sistema sendotu» nahi du gobernuak hala, Zupiriak adierazi duenez.

Guggenheim museoak izango du igoerarik handiena. Orotara, ia bi milioi euro igoko du Jaurlaritzak museoarentzako ekarpena datorren urtean. Batetik, milioi bat euro jarriko ditu 2013. eta 2016. urteen artean egindako ekarpen urriagoak konpentsatzeko. Bestetik, beste milioi bat emango dio obra berriak erosteko, bi erakundeek adostu bezala. Ohiko ekarpena kontuan hartuta, 7,4 milioi euro emango dizkio guztira museoari.

Bilboko Arte Ederren Museoari egindako ekarpenak ere nabarmen egin du gora: 300.000 euro gehiago jasoko ditu museoak 2019an; 2018an baino %20 gehiago. Are, inbertsioak egiteko beste 200.000 euro inguru emango dizkio Jaurlaritzak. Horiek hala, museoa handitzeko aukera mahai gainean dagoela aitortu du Zupiriak. Jaurlaritzak, Bizkaiko diputazioak eta Bilboko Udalak urtea amaitu aurretik eztabaidatu eta aztertuko dute gaia, sailburuak adierazi duenez.

Azkenik, Artium museoak 100.000 euro gehiago jasoko ditu datorren urtean, eta beste 75.000 euro urtea amaitu aurretik. Zuzendaria aldatu berritan, baina, datozen urteetarako proiektua zehaztu beharko du talde berriak.

ARTE ESZENIKOAK

Arteari eta ondareari bideratutako laguntzez gain, euskal sortzaileen lana babesteko «apustua» ere nabarmendu du Zupiriak. Tartean, arte eszenikoetarako diru saila %5 handitu dela nabarmendu du. Hala, arte eszenikoak sustatzeko programak garatzeko diru laguntzak 130.750 euroko diru ekarpena izango du 2018-2019ko ikasturtean, eta 472.500 eurokoa 2019-2020ko ikasturtean. Dantza ekoizpena sustatzeko diru laguntzak ere 60.000 euro gehiago izango ditu datorren urtean.

MUSIKA

Musikaren arloko aurrekontuak ere gora egingo du 2019an. Euskadiko Orkestra Sinfonikoari eta abesbatza elkarteei bideratutako diru sailak eragin du hazkunde hori, batez ere.

Euskadiko Orkestra Sinfonikoak aurten baino milioi erdi gehiago jasoko du: 7,9 milioi guztira. Bestalde, Euskal Herriko Abesbatzen Elkarteari egindako ekarpena ere nabarmen igo da: 60.000 eurotik 104.000 eurora, hain zuzen ere. Euskal Herriko Musika Bulegoen Elkartearen aurrekontua 150.000 eurotik 353.000 eurora igaro da.

ETXEPARE INSTITUTUA

Euskara eta euskal kultura nazioartekotzeko, Etxepare institutua izango da Eusko Jaurlaritzaren tresnarik garrantzitsuena 2019an ere. Kulturari dagokionez, Eskozian jarriko du mira datorren urtean, gainerako herrialdeak baztertu gabe betiere, sailburuak aurreratu duenez. Eskozia 2019 programa baliatuko du Jaurlaritzak euskal kultura eta euskal sortzaileen lanak atzerrian sustatu eta ezagutarazteko. Horrez gain, Euskara Munduan proiektuaren ardura hartuko du institutuak aurrerantzean. Munduan zehar dauden euskal etxeetan euskara irakasteko programa da, eta HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundearen ardura zen orain arte. Horiek hala, hiru milioiko aurrekontua izango du Etxepare institutuak datorren urtean, 2018an baino milioi erdi handiagoa.

EITB

EITB Euskal Irrati Telebistaren aurrekontua %3,7 igoko da datorren urtean; 2016-2019ko kontratu programa hitzarmenean jasotakoaren araberako igoera izango du. Bada, 126.322.745 euroko aurrekontua izango du 2019an. Horrez gain, 200.000 euro jarriko ditu gobernuak kultura kontsumo publikoa sustatzeko, beste 300.000 euskararen erabilera sustatzeko kanpainak egiteko, eta 4,4 milioi inbertsioetarako.

Zupiriak erantsi du, halaber, bost milioi euro erabiliko dituztela euskal zinema EITBren bidez sustatzeko.

KIROLA

Kirolaren eta jarduera fisikoaren atalak berriz, 8,5 milioi euroko aurrekontua izango du. Aurtengoa baino zertxobait apalagoa (300.000 euro inguru). Jaurlaritzak, halere, ofizialtasunaren alde egiten duten federazioen lana laguntzeko diru sail berri bat proposatu du: 125.000 eurokoa. Horri lotuta dator asteon jakinarazi den berria: Euskal Boxeo Federazioa Nazioarteko Boxeo Federazioko (IBF) kide ofizial gisa onartu dutela. Horrez gain, atzerrian euskal kirola sustatzeko 65.000 euro bideratuko ditu Jaurlaritzak, eta 60.000 jarriko ditu Errugbiko Euskal Liga bultzatzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna