Indarkeria matxista

Osasun Sailak gida bat egin du bortxa matxista kasuetan esku hartzeko

Osasun langileek indarkeria matxista kasuetan jarduteko irizpideak izatea du helburu gidak. Sexu erasoen arretarako atal bat ere badu

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
Gasteiz
2019ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Osakidetzak indarkeria matxista kasuetan jarduteko gida bat sortu dute, osasun langileentzat. Helburua da profesionalek halako kasuetan esku hartzeko irizpide batzuk izatea eta egoerari aurre egiteko baliabideak izatea. Atzo aurkeztu zuten gida, Gasteizen. Han izan ziren, besteak beste, Nekane Murga Osasun sailburua, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria eta Maite Paino Osakidetzako lan koordinatzailea.

«Osasun sistemak funtsezko eginkizuna du emakumeen aurkako indarkeria prebenitzea». Murgak egiteko garrantzitsua dutela nabarmendu du: izan ere, haren arabera, indarkeria matxista jasan duten emakumeek maiz adierazi dute osasun langileengan edukiko luketela konfiantza beren egoeraz mintzatzeko. Hori oinarri hartuta, Osasun Sailak beharrezkotzat jo du profesionalei esku hartzeko irizpideak eskaintzea. Hala ere, Osasun sailburuak azaldu du gida ez dela guztiz berria: 2008an aurkeztutako dokumentu baten egokitzapena da.

Gidaren bi formatu aurkeztu dituzte: osoa eta azkarra. Lehenak, egoera jakin batzuetan jarduteko urratsez gain, bestelako kontzeptuak ere biltzen ditu; esaterako, zer egin seme-alabak inplikatuta dauden kasuetan. Bigarrena, berriz, esku hartze batean erantzun azkar bat emateko prestatuta dago. Halere, Painok nabarmendu du dokumentua ez dela itxia: «Gidak une oro egon behar du zabalik; izan ere, testuinguruan aldatzen bada, beharrezkoa izango da egokitzapenak egitea».

Gidan jasotakoa lantzeko trebakuntza saioak egingo dituzte osasun langileekin. Landaida Emakundeko zuzendariak nabarmendu du saio horiek «ikuspegi feminista bat» ardatz hartuta egingo direla. Guztira, 1.194 pertsonak jasoko dute trebakuntza; online zein aurrez aurre egin ahal izango dituzte ikastaroak. Murgaren arabera, gero saioen balorazioa egingo da:«Erantzuna zein izan den jakiteko».

Aurten hasiko dira

Gidak barnean ditu sexu erasoen arretarako jarraibide batzuk ere. Bi egoera bereizten ditu agiriak: momentuko sexu erasoak, eta bost egun baino gehiago igaro eta gero artatutakoak. Lehenengo kasuan, eta gidak jasotzen duen bezala, erasoa jasan duenaren balorazioa erietxean egingo da; bigarrengoan, berriz, nahikoa litzateke osasun zentro batera joatea.

Aurten hasiko dira osasun arloko profesionalekin lanean, gida horrek behar bezalako zabalkundea izan dezan. Nolanahi ere, Painok gogoratu du kasu horietarako plangintza egokiak atonduta egoteaz gain, oso inportantea delaindarkeria jasan dutenen hitza ere gogoan izatea beti: «Garrantzitsuena emakumeen bidelagun izatea da, haien erabakiak errespetatzea eta horrekin aurrera egitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.